Fundiciones Leniz enpresako langile batzuek hark Eskoriatzan zuen lantegia hartu zuten eta berriz martxan jarri zuten negozioa, euren enpresa sortuaz. Urtarrilean izan zen hori. Fundiciones Lenizen 30 langiletik gora zeuden, eta horietatik 13 bat dabiltza orain Fundiciones Eskoriatzan. Lehengo enpresak zuen ISO agiria berritzea lortu dute orain.
"Ia-ia zerotik hasi ginen"
Urtarrilean sortu zen enpresa honendako, "oso pozgarria" eta "lorpen handia" izan da agiria berritzea: "Aurreko azpiegiturak langile gehiagorendako prestatuta zeuden, eta dena berrantolatu behar izan da; ez ginen zerotik hasi, baina ia-ia; lehen zeuden bezeroei eustea lortu dugu. Orain, ISO agiri hau berritu dugu eta oso albiste ona da guretako", diosku Fundiciones Eskoriatzako gerenteak, Eduardo Perezek.
Fundiciones Leniz enpresa iaz itxi zuten, eta Fundiciones Eskoriatzak urtarrilean hasi zuen bere ibilbidea, Eskoriatzako Aingeru Guardako lantegian. Hasieran, lehengo langile gutxi batzuk zebiltzan, eta gero, lantalde hartako gehiagok bat egin zuten proiektuarekin.