Felix Likinianoren ekintza eta ideiak, marrazkitan

Txomin Madina Milikua 2010eko uztailaren 11

1936ko uztailaren 17 eta 18an Espainiako armadaren zati handi batek Errepublikaren kontrako estatu kolpea eman zuenean, asko eta asko izan ziren altxamendu horren kontra egindako borroka herrikoiak, tartean Donostian, Urbieta kalean bizitakoa. Borroka hartan parte hartutakoen artean Felix Likiniano eskoriatzarra, bere bikote Casilda Mendez eta Manuel Chiapuso anarkistak egon ziren eta hauek dira, hain zuzen ere, argitaratu berri duten 'Urbieta kaleko borroka' izeneko komikiko protagonistak.

Atzo egin zuten komikiaren aurkezpena Eskoriatzako udaletxean eta bertan egon ziren Udaleko ordezkariak, Potxo Argitalzuloa argitaletxeko kideak eta baita Likiniano eta Mendezen senideak ere. Udaletxea bera ere ekitaldirako egoki apaindu zuten: bandera anarkista jarri zuten-eta balkoian.

Hirugarren edizioa

Argitaratu duten komiki honen edizio hau baina, ez da berria, hirugarrena baizik. 1979an kaleratu zuten lehenengo aldiz Donostian eta 15 urte beranduago Bilbon, Felix Likiniano Fundazioaren eskutik. Hirugarren edizio honek baina, badu berrikuntzarik. ''Errotulazioa aldatu dugu, eta euskarari ere trataera berezia eman diogu: edizio honetan, Felix Likinianok berba egiten duenean, eskoriatzarrez berba egiten du. Honetaz gainera, eta komikian jasotzen diren gertakariak hobeto ulertzeko, Luis Maria  Jimenez de Aberasturi historialariaren hitzaurrea ere gehitu diogu'' kontatu digu Potxo Argitalzuloa argitaletxeko Imanol Biainek. Likiniano eta Mendezen etxean abesten zuten kantu anarkista bat ere sartu dute edizio honetan.

Deigarria da era berean, komikiaren egilearen inguruan dagoen misterioa. J.J. Pi da egilearen izena, baina berau bilatzen saiatu arren, argitaletxekoek ez  dute lortu berau nor den jakiterik.

Justizia historikoa

Iaz bete ziren 100 urte Likiniano jaio zela, eta argitaletxeak Eskoriatzako Udalarekin jardun du elkarlanean komikia ateratzeko orduan. Iñigo Biainen esanetan gainera, argitalpen honekin lortu gura izan duten gauzetako bat justizia egitea izan da. ''Urte askotan zehar anarkistak ahaztuak izan dira, historia liburuetatik ia guztiz desagertu egin dira, eta hala izan ez denean, karikatura moduan agertu dira. Erakutsi gura izan dugu Francoren tropen kontra zuten guztia emanaz borrokatu zutela eta euskal anarkismoaren barruan sinbolo bihurtu zirela Likiniano, Mendez eta Chiapuso. Justizia historikoa egin gura izan dugu, behingoz dagokien lekuan jarri'' azaldu digu Biainek. 

Likinianoren hazia, komikian

Likiniano eta Mendezen senideek pozez hartu dute komikia. Aurreko edizioa ere bazuten, baina galduta. Iloba Martin Sansinenearen hitzetan, komikiak bere osabak ereindako hazia jasotzen du. ''Nire osabak zioen gizona libre izango bada, horretarako gizontasuna eman behar zaiola, eta uste dut hori islatuta geratzen dela komikian'' esan zuen  Sansineneak aurkezpenean.

Edizio berri hau zenbakitutako 666 alek osatzen dute, eta Oñati, Eskoriatza eta Donostiko ohiko puntuetan egongo da eskuragarri hiru euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak