Felix Likiniano anarkista gogoan hartuko duen erakusketa inauguratu dute gaur Ibarraundi Museoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko eka. 29a, 15:56
Aurten bete dira 100 urte Arrasaten jaio zela. Casilda emaztearekin batera faxismoaren kontra egindako borrokarengatik da ezaguna.

Eskoriatzako udal ordezkariez gain Gatzagako eta Arrasateko alkateak, Likinianoren familia eta lagunak zein Luis Mari Jimenez de Aberasturi idazlea izan dira, besteak beste gaurko inaugurazioan.


Frankismoaren kontra egindako borrokarengatik nabarmentzen da Felix Likiniano. Miarritzen hil zen duela 26 urte eta bizitza ia osoa eman zuen Casilda emaztearekin batera faxismoaren aurkako borrokan.

CNTko kideak biak, Espainiako Gerran hainbat frontetan izan ziren, eta azkenean Frantziara alde egin behar izan zuten. Luis Mari Jimenez de Aberasturi idazleak hainbat liburu idatzi ditu Likiniano eta Casilda bere emazteari buruz. "Akziodun gizona izan zen gehienbat. Bere eskubideak zapaldu nahi zituenaren aurreran altxatu egin zen".

Erbestean ere, Likinianok ez zuen Francoren kontrako borroka alboratu eta ETA sortu zenean lehenengo errefuxiatuei bere babesa eta aholkuak eskaini zizkien. ETAren ikurra, sugea eta aizkora, Likinianok egindakoa da.

Zazpi panel

Ibarraundiko erakusketak ibarreko miliziano honen bizitza jasotzen du. Zazpi panel erraldoik osatzen dute. Argazkiak eta Likinianok egindako tailak eta margolanak ere ikus daitezke. Aberasturiren esanetan gutxi ausartzen dira gaur egun horrelako jendea gogora ekartzen. "Erakusketa ausarta baino beharrezkoa dela uste dut nik.  Likiniano eta bere ingururoak merezi dutela uste dut", adierazi du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak.

Ibarraundi museoan zabalik egongo den erakusketa osatzeko hainbat laguntza izan dute: Likiniano familiarena, Casilda Hernaezen familiarena, CNTko kide batzuena… Abuztuaren 31ra arte aurkituko duzue ikusgai.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak