Euskarazko jolasen ikastaroak eskainiko dituzte urriko zapatuetan gurasoendako

Mirian Biteri 2008ko ira. 29a, 18:48
Aurten ere euskarazko jolasak ikasteko aukera izango dute guraso eskoriatzarrek. Ikastaroa hiru eskoletan egongo da banatuta. Horiek urriaren 11n, 18an eta 25ean izango dira pilotalekuan; zapatuetan. Urriaren 6a arte eman daiteke izena kultura etxean; telefonoz ere egin daiteke, 943 71 46 88 telefono zenbakira deituz.

Betiko jolasak ikasteko aukera izango dute; baita gaur egungoak ere. Horra hor eskola horietan ikasiko dituztenak: zozketako eta soka saltoko jolasak; eskukoak eta gomakoak; animaziozkoak eta mimikakoak; lerrokakoa eta korro eta baloi jolasak, besteak beste.

Zapatu goizetan

Eskolak zapatu goizetan izango dira. Euskara teknikari Mari Karmen Arrietak jakinarazi du dagoeneko zehaztuta dagoela ordutegia. Bi orduko saioak izango dira: 10:30etik 12:30era bitartean. Arrietak gogora ekarri du, gainera, parte hartzea mugatuta dagoela; plaza kopurua mugatua da.

Euskara sailetik azaldu dute euskarazko jolasak ikasteko ikastaroetan parte hartzeagatik hamar euro ordaindu beharko dituztela gurasoek. Horrekin batera, nabarmendu gura izan dute umeendako zainketa zerbitzua eskainiko dela nahi dutenendako. Ludotekan izango da hori. Azkenik, parte hartzeko gonbita egin dute Euskara sailetik: "Oraintxe dute aukera euskarazko jolasak ikasteko eta seme-alabekin edo inguruan dituzten haurrekin euskaraz jolasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak