Hitzaldi horretan hizkuntzaren erabileraren gaineko datuak ezagutaraziko dituzte; tartean, zenbat euskara entzuten den udalerrian, ume eta gazte eskoriatzarrek euskaraz egiten ote duten zein gazteleraz euskaraz baino gehiago egiten den. Galdera horiek guztiak argituko dituzte.
Euskararen aldeko mezuak
Eguenean, egun guztian zehar euskararen gainean norberak egindako marrazkiak, lemak, bertsoak edo poemak zintzilikatzeko aukera izango dute eskoriatzarrek, herriko plazan. Arratsaldean, 15:30ean, Luis Ezeiza Herri Eskolako ikasleen jaialdia izango da, herriko plazan; tartean, euskal dantzak ikusi ahal izango dira han.
Ordu erdi geroago, gaztaina erreak gertatuko dituzte plazan batzen diren denondako; eta 16:30ean, neska-mutikoek ginkanak eta jolasak izango dituzte zain. Eguna behar bezala amaitzeko eta umeek indarrak berreskura ditzaten, txokolate jana egongo da, 17:30ean.
Jostailuen erakusketa
Euskararen egunaren harira antolatutako ekimenak ez dira hor amaituko; izan ere, asteon euskarazko jostailuen gaineko erakusketa bisita ahalko da ludotekan. Bihar arte egongo da ikusgai, 17:00etatik 20:00etara. Erakusketan hezitzaileak daude, jostailuen harira gurasoek zein umeek dituzten galderei erantzuteko.
Gaztelekuak ere bat egingo du euskararen egunarekin. Abenduaren 5ean, zapatua, graffiti tailerra antolatu du herriko plazan, 17:30ean.