Euskararen kale erabilera gorantz doa udalerrian

Soziolinguistika Klusterrak, Udalak eskatuta, egin zuen azterketa apirilean. Udalerriko hiru puntutan euskararen erabilera neurtu zuten apirileko hiru egunetan.

Eskoriatzan egiten diren 100 elkarrizketetatik 42 dira euskaraz. Hori da Soziolinguistika Klusterrak, Udalak eskatuta, egin duen Euskararen Kale Erabileraren Neurketaren emaitza esanguratsuenetako bat.
Neurketa horren arabera Eskoriatzako kaleetan apirileko hiru egunetan entzundako elkarrizketatik %41,61 izan ziren euskaraz. Neurketa behaketa sistema erabilita egin zuten, hau da herritarrei galdetu barik.


Herriko hiru puntutan
Egindako neurketetan guztira 1.416 hiztunen datuak jaso zituzten, herriko hiztunen %37,3 litzatekeena.
Helburua da herritarren leku publikoetako hizkuntza erabilera neurtzea; eta horretarako herriko hiru zonalde aukeratu zituzten: Erdigunea, Goiko kale-Dorleta eta San Pedro.
Goiko kalen jaso da erabilera indizerik altuena (%46,2). Horren ostean, zazpi puntu gutxiagoko erabilera neurtu dute erdigunean (%39,1). Eta azkenik, indizerik baxuena, San Pedro-Intxaurtxuetakoa da (%36,7).

Neurketa bereziak ere bai
Aipatutako zonaldeez gain, beste bi puntu neurtu zituzten: Unibertsitate ingurua eta umeen guneak, hain zuzen ere. Unibertsitate inguruan 207 lagun neurtu zituzten, eta erabilera %50,7koa izan zen; orain dela bi urtekoa baino txikiagoa.
Umeen guneei dagokionez, oso lagun gutxi neurtu ahal izan zituzten, 83 besterik ez; eta hori emaitzak kontuan hartzeko ez da nahikoa. Hala ere, 20005ekoarekin aldetuta, erdira jaitsi da.
2003an hasi zen Eskoriatzako Udala neurketa horiek eskatzen; eta horri esker, badago aukera tarteka datuak eta joerak konparatzeko. 2003tik 2007ra orokorrean eskoriatzarren euskararen erabilera 11,7 puntu igo da. Are gehiago, azken bi urteotako igoera handiagoa izan da, aurreko bi urtetakoa baino. Horregatik, bilakaera baikorraren erritmoa azkartu dela diote.

Goranzko tendentzia
Adin taldeak bereiztuz gero, Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi du bai umeek, gazteek eta helduek, hirurek, gora egin dutela euskararen erabilerari dagokionez. Behera egin duten bakarrak adinduak dira, baina Euskal Herriko tendentzia orokorra ei da hori.
Sexuari dagokionez ere bada alde txiki bat. Alde txiki bategatik ez bada ere, emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago egiten dute kalean, azterketa horren arabera.

Udaleko Euskara Batzordeko arduradunak pozik daude neurketan jasotako emaitzekin. Are gehiago, jakinarazi digute San Pedro-Intxaurtxueta zonaldean erabileraren gorakada nabarmena izan dela, eta horrek asko poztu dituela. Batez ere, kontuan hartuta, orain dela bi urte auzo horrek erabilera-emaitza txikienak eman zituela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.