Euskararen Egunarekin lotutako ekintzak

Iker Barandiaran 2008ko abe. 1a, 16:44
Eguaztenean Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Udaleko Euskara Sailak hainbat ekimen antolatu ditu egunotarako aurreko urteetako ildoari jarraituta.

Nazioarteko eguna etzi, eguaztena, bada ere, egitaraua gaur, astelehena, hasi dute. Hala, hilaren 1etik 3ra bitartean, euskarazko jostailuen erakusketa egingo dute kultura etxeko erakusketa gelan 17:00etatik 20:00etara bitartean. Erakusketaren helburua da Gabonetako gehiegizko publizitate eta kontsumismoaren aurrean, jostailuen gaineko bestelako hausnarketa egitea. Hala, euskarazko jostailuak erakutsiko dituzte, eta bide batez, hezitzaileak izango dira bertan guraso eta umeei jostailuen gaineko azalpenak emateko.

Umeei euskaran zelan eragin

Martitzenean No sabemos euskara, ¿cómo podemos ayudar a nuestros hijos e hijas? berbaldia egingo dute Ibarraundi museoan, 19:00etan. Berbaldi horretako esatariak Julio Ibarra kazetaria eta Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailea izango dira, biak hala biak gurasoak. Bi hizlariek denbora asko daramate elkarrekin berbaldi horiek egiten, eta batez ere auzune erdaldunetan ematen dituzte.  Euren esperientziatik azaltzen dute euskara ondo ez dakiten gurasoek zelatan lagundu diezaieketen seme-alabei euskara egin dezaten. Horren harira, euskaldun berrien esperientziak ere izango dituzte kontutan.

Umeen zaintza zerbitzua

Horrekin lotuta, antolatzaileek jakinarazi dute berbaldiak iraungo duen bitartean umeendako zaintza zerbitzua egongo dela, gurasoek azalpenak entzuteko ahalik eta aukera gehien izan ditzaten.

Emunekoen berbaldia

Horrez gain, eguaztenean, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, TELP: Norberaren hizkuntza portaerak aldatzeko gakoa berbaldia egingo dute Ibarraundi museoan 18:30etik 20:30era bitartean. Arrasateko Emun enpresako adituek emango dute berbaldi hori. Halako arazoen aurrean zer konponbide dagoen eta zer egin azalduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak