Euskal-zeramika erakusketa Ibarraundin

Jon Berezibar 2007ko ots. 23a, 10:24
Udalaren zeramika bilduma eta Zubiate labearen proiektua ikusgai egongo dira gaur, egubakoitza, 18:00etatik aurrera Ibarraundin. Erakusketak 'Buztina eta sua Eskoriatzan' dauka izena eta Euskal Herriko 60 pieza tradizional erakusten ditu. Horrez gain, Zubiate labearen proiektuak zertan datzan ere azalduko dute.

Gaurtik martxoaren 11 bitartean zeramikaren gaineko erakusketa interesgarria izango da Ibarraundi museoko beheko solairuan. Helburua da Ibarraundik eskuratutako euskal zeramika bilduma herritarrei erakustea. Horrez gain, Ibarraundiko arduradunek ezagutzera eman gura dute Zubiate labearen inguruan egin gura duten museo proiektua.

Euskal usadioen erakusgarri

Zeramika bilduma 240 piezak osatzen dute, Bittoriano Larrañaga bergararrari erositakoak, eta katalogazio lana egin duen Isabel Aramendia historialariaren esanetan, "Euskal Herriko usadioak irudikatzeko oso aproposa da, euskaldunok eguneroko bizitzan zeramika piezei eman dizkiegun erabileren bitartez zelako bizimodua egin dugun jakitera ematen delako". Edozelan ere, Ibarraundin 60 pieza jarri dituzte, bilduma guztitik adierazgarrienak, hain zuzen ere.

Museo interaktiboa

Labearen proiektuari dagokionez, 2005ean eskuratu zuen Zubiate labea Udalak. XIX. mendekoa da, eta Jaurlaritzak ondare arkeologiko izendatu zuen. Ibarraundiren eta, bide batez, Udalaren asmoa da labe hori kontserbatzea eta haren inguruan museo interaktiboa sortzea.
Gaur egun labe hori etxebizitza batzuen azpian kokatuta dago. Horregatik, Udalak etxebizitza horren etxabe gehienak eskuratu ditu. Hala, asmoa da alboko lokaletan zeramika bilduma batzea eta zeramika tailerrak jartzea, besteak beste

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak