Esparru ezberdinetan euskal kulturgintza lantzeko irizpide minimoak ezartzea eta era berean euskal kulturgintzaren ikerketa gune izatea dira hasi berria den graduondokoaren helburu orokorretako bi.
Duela hiruzpalau urte hasi ziren alor honen inguruan lan egiteko gaiari bueltak ematen, eta azkenean, Huhezi fakultatearen eta Arteola erakundearen bultzadaren bidez lehen ikasturtea burutuko dute datozen hilabeteetan.
Datorren ekainera arte iraungo du ikasturteak eta klaseak astearte arratsaldetan izango dira. Sei alor edo modulutan banatu dute graduondokoa.
Euskal kulturako izen ezagunak
Ikasleek formazio teorikoaz gain testigantza bidezko formazioa ere jasoko dute, eta ikasleek eurek ere ekarpenak egin ahalko dituzte.
Euskal kulturako izen ezagun ugarik euren esperientzia kontatuko diete graduondoko ikasleei: musikan, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Ruper Ordorika edota Fermin Muguruza ariko dira; literaturatik, Bernardo Atxaga edota Mariasun Landa; eta bertsolaritzako ordezkariak ere egongo dira, Jon Sarasua eta Andoni Egaña, besteak beste.