Etxetik kanpo pasa beharko dute gaua Aranburuzabala kaleko hainbat bizilagunek

Ubane Madera 2010eko urtarrilaren 31

Mendigoia hotelean eta Azkoagan pasa beharko dute gaua Aranburuzabala kaleko hainbat bizilagunek, mendia etxe barrura etorri ostean. Adituak egoera aztertzen izan dira goiz osoan zehar, eta Pedro Lasagabaster alkateak aditzera emandakoaren arabera, "malda hori oso ezegonkorra da eta azterketa serioa egin beharko" dute orain.

"Susto handia izanda, oso susto handia. Gelatik ez banintza aterako, barruan harrapatuko ninduke. Zuhaitzak… ditut logela barruan". Halakoxeak dira gaur goizean Eskoriatzan entzun direnak, Aranburuzabala kalean (08:00etan) lurjausia gertatu ostean.

Txostenen zain egon behar

Orain (15:00), egoera asko baretu da. Bizilagunetako batzuk (15 bat) Mendigoia hotelera eta Azkoagara bideratu dituzte, gaua pasatzera, eta hemendik aurrerakoa, adituen esku geratuko da. Gainerakoak senide, lagun eta bestelakoen etxeetara joan dira. "Ezin dugu esan noiz arte egon beharko duten etxetik kanpora. Bihar Jaurlaritzako eta Diputazioko teknikari gehiago etorriko dira, eta denon artean planifikatu beharko dugu guztia", adierazi du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak.

Kexuak, lehenagotik

Lurjausiaren arrazoiei dagokienez, berriz, uste dute izan direla azken orduotan egin duen euri ugaria eta lehenago beste lurjausi bat ere gertatu izana. Horren harira, bizilagunetako batzuek kexuak aurkeztu izan dituzte lehenago malda horren egoerarengatik. Lasagabaster alkateak onartu egin du hori: "Kexuak aspaldikoak dira eta egia da orain arte ez dugula gauza handiegirik egin, guk ere ez, jakina. Parte asko dago hor inplikatuta. Hau pasatu eta gero, samurragoa izango da irtenbidea topatzea", gaineratu du alkateak.

Gauzak agudo egin

Bestalde, Eskoriatzako alkateak eskerrak eman gura dizkie gaur goizean Eskoriatzan jardun duten langileei: "Ertzaintza, Diputazioko langileak, babes zibilekoak, larrialdi zerbitzuetakoak… Oso ondo portatu dira eta eurei esker, gauzak agudo bideratu ditugu, bizilagunei lo egiteko lekua aurkitu eta halakoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak