Etxebizitzen eskaera jaitsi dela-eta, hainbat eraikitze lan geldirik daude

Iker Barandiaran 2008ko urr. 9a, 19:41
Herri sarreran eraikitzen hasitako bi blokeren lanak geldi daude uztailetik, eta Santa Marinako etxe tasatuetan hainbat lagunek atzera egin dute. Udala kezkatuta dago eta hainbat neurri hartu gura ditu.

Krisi ekonomikoa delakoaren ondorioz, etxebizitza merkatuaren egoera asko aldatu da une honetan. Hala, orain etxebizitza gutxiago saltzen dituzte eta aspaldiko partez horien prezioak jaisten hasi dira. Horrek aldaketa nabarmenak ekarri ditu.

Herri sarrerakoak, geldi

Horren ondorioz, Eskoriatza Sustapenak, Altuna y Uria eta Arbietxe enpresek herri sarreran, autobideko biribilgunea egiten dabiltzan ondoan, eraikitzen dabiltzan bi etxebizitza bloke egiteko lanak geldi daude aspaldian. Hain zuzen ere, uda aurretik ez dute bertan inolako lanik egin. Jakitera eman izan duten arrazoia da oraingoz oso etxebizitza gutxi saldu dituztela. Udala kezkatuta agertu da etxeak hala uzteagatik, eta uztailean enpresa sustatzaileei ohartarazi zien gutxienez fatxadak bukatzeko. Udalari baiezkoa erantzun zioten, baina ordutik ez dute inolako lanik egin. Hala, Udalak jakinarazi du lanik egin ezean hainbat neurri hartuko dituela.

Herri sarreran egiten dabiltzan eraikinetan 60 bat etxebizitza egitea aurreikusita zegoen, eta horietatik gehienak merkatu librekoak izan behar ziren.

Santa marinako tasatuak

Baina herri sarrerakoak ez dira etxebizitzaren gaineko eskaeraren murrizketak baldintzatu dituen sustapen bakarrak. Hain zuzen ere, Udala eta Jaurlaritzako Visesa udalerriko Santa Marina ingurunean eraikitzen dabiltzan etxebizitza tasatuen etorkizuna ere kolokan dago une honetan.
Iazko ekainean Santa Marinan egin beharreko 32 etxebizitza tasatu zozkatu zituzten Ibarraundi museoan egindako ekitaldian. Gerora, etxebizitza horiek eraikitzen hasi ziren eta lanak aurrera doaz, baina Udalak jakinarazi duenez hainbat herritarrek atzera egin dute.

Udaleko ordezkariek Jaurlaritzara jo zuten, baina Visesako ordezkarien erantzunaren zain daude. Udalaren asmoa da maileguak eskatzeko baldintza hobeagoak lortzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak