Etorkizuneko etxebizitza ikusgai dago Eskoriatzan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko abu. 3a, 12:04
Setaldek Eskoriatzan duen zentroan, sistema domotikoa duen etxebizitza bat jarri dute ikusgai. Ordenagailuak kontrolatzen du etxe osoa: argia, ura, segurtasuna… dena zaintzapean eta inprobisaziorako tarte barik.

Sarrerako atean hasten da dena. Giltza tradizionalaren ordez txartela dugu. Txartela sentsore aurretik pasatzea nahikoa da atea erabat zabaltzeko. Sistema honek une oro daki nor sartu den etxean, eta ze ordutan.

Neurrian kontsumitu

Behin barruan gaudela, sistemak ongi-etorria emango digu argiekin. Etxe barruan dagoen pertsona kopuruaren arabera, eta leihoetatik sartzen den argiaren arabera, parametro horiekin bat datorren intentsitatearekin piztuko dira lanparak. Horrela, neurrian kontsumituko dugu.

Segurtasuna

Konforta, segurtasuna eta elbarrituendako abantailak ematen ditu etxe domotiko batek. Iturri bat irekita utzi badugu, adibidez, ordenagailuak hori detektatu eta uraren balbula orokorra ixten du. Gainera, gure mugikorrera mezu bat bidaliko digu gertatutakoaren berri emanez. Segurtasun mota hau egokia da, besteak beste, pertsona nagusiendako.

Bestalde, argiaren arabera pertsianak eta toldoa igo eta jaitsi ditzake, kanpoan oporretan gauden bitartean norbait etxean dagoenaren sentsazioa emanez.

Domotika: gero eta indar handiagoa

Setaldeko domotikako arduradun Raul Jimenezek adierazi du zentro honetan erakutsitako guztia dagoeneko etxebizitzetan, hoteletan eta bulegoetan jartzen ari direla.

Setalde enpresa gipuzkoarra orain dela 27 urte hasi zen lanean. Gero eta indar handiagoarekin dabil sartzen domotika gure etxeetan; Europako beste herrialde batzuetan, adibidez, oso ohikoa da horrelako sistemak izatea etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak