Dagoeneko hasita daude Aisa harrera ikastaroak. Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu, HABEren laguntzarekin.
Hala, Udalak Eskoriatzan bizi diren etorkin guztiei gutun bana bidali zien euskararen eta euskal kulturaren gaineko oinarrizko ikastaro baten esku hartzeko gonbidatuz.
Etorkinek euskara ikasteko
Guztira 13 etorkinek eman dute izena ikastaroan, eta astean hiru egunetan Udal Euskaltegira joaten dira euskararen eta Euskal Herriaren gainean oinarrizkoa ikastera.
Ikasleek matrikula ordaindu behar izan dute; ikas-materiala, berriz, doan eman dizkiete.
Ekimen hori Jaurlaritzaren Inmigraziorako Euskal Planaren barruan dago, eta helburua da etorkinak euskara ikastera bultzatzea. Helburu horrekin HABEk Aisa harrera-ikastaro linguistikoak sortu zituen. Ikastaro horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinendako diseinatuta daude.
Udalak hartu zuen ardura etorkinei ikastaroen berri emateko, eurekin harremanetan jartzeko eta zerbitzu hori udalerrian koordinatzeko. Baita horren gaineko publizitatea egiteko ere.
60 0rdu eskolan
Astean hiru egunetan ematen dituzte eskolak; martitzen, eguazten eta eguenetan, 19:30etik 21:30era. Guztira, 60 ordu emango dituzte.
13 ikasle joaten dira eskoletara. Gehienak portugaldarrak dira, baina badaude baita marokoar, txiletar eta kubatarrak ere. Horietatik bi adin txikikoak dira. Azken horiek harrera zerbitzuan daude, eta tutoreak eraman ditu eskolara.
Ordu gutxiegi
Ikastaroa ematen dabilen Arantza Aiestaran irakasleak azaldu digu 60 ordu gutxi samar dela euskarazko eskolak emateko. "Kontuan hartuta ikasle gehienak zerotik hasten direla, eskola ordu zehatz horietan ikasleek norberak aurkezpenak egiten, esamolde batzuk ulertzen eta kartelak ulertzen ikasten dute".
Horrez gain, Euskal Herriko hiriburuak eta herri nagusiak non dauden; euskal folklorea zertan datzan eta beste ere ikasten dihardute. Esaterako, Antonio Monteiro portugaldarrak harrituta galdetu dio irakasleari ea Durango Bizkaia ote den. Bitartean, Yolanda Fuentes kubatarra Behe Nafarroa eta Nafarroaren arteko aldeak zalantzan jarri du.
Adin txikiko marokiarrek arreta txikiagoa egiten diete liburuei, baina bideoak jartzen dituzten bakoitzean entzundako guztia errepikatzen saiatzen dira.
Hizkuntza bertakotzeko
Ikasle gehienak ikastarora erakarri ditu Eskoriatzan bertakotzeko ahaleginak. "Lanean euskara egiten duten gehienek, eta ondo ikusten dut neuk ere neurri baten euskaraz berba egin edo behintzat ulertzea", esan digu Yolanda Fuentesek.
Antonio Monteirok, berriz, beste premia mota bat du etxean: "Alaba ikastolan dabil eta 4 urterekin euskara da ondoen dakien hizkuntza".