Etorkinei harrera egiteko ongi etorri gida kaleratu dute

Euskara, gaztelera eta portugesa, hirurak, batzen ditu gidak. Erroldatzen direnei gida bana emango diete udaletxean. Herriko ekipamenduak azaltzen dituzte, besteak beste.

Udalak gida bat kaleratu du herrira bizi izatera datozen lagunei harrera egiteko, eta horiei Eskoriatzaren berri emateko. Udaleko Ongizateko eta Euskara batzordeetako arduradunek jakinarazi digute gida hori, batez ere, Euskal Herritik kanpo datozenendako dela.

 

500 ale banatuko dituzte
Udalak gida horren 500 ale kaleratu ditu. Lehenik eta behin Eskoriatzan erroldatzen direnei bana emango diete; eta horrez gain herriko hainbat lekutan banatuko dituzte. Hala nola, kultura etxean, gizarte zerbitzuan eta bibliotekan. Horrekin batera, baina, eskolen bitartez ere banatuko dute gida erroldatuta ez dauden beste lagunei.
 
Hiru hizkuntza batzen ditu
Ongi etorri gidan hiru hizkuntza batu dituzte: euskara, gaztelera eta portugesa. "Kanpotik datozenetatik ia inork ez du euskararik ulertuko, baina ezinbestekoa deritzogu kanpotik etorritakoei euskara zer den erakustea, sinbolikoki ez bada ere", azaldu zigun Euskara batzordeko teknikari Mari Karmen Arrietak.   
Horrez gain, gaztelera eta portugesa ere aukeratu dituzte, kanpotik etorritako lagun gehienek erabiltzen dituzten hizkuntzak horiek direlako.

2007ko urtarrilaren 1ean 121 etorkin zeuden herrian, biztanleriaren %3a, hain zuzen ere. Horietatik 86 portugaldarrak ziren, etorkinen %71. Arrazoi horregatik oso kontuan hartu dute hizkuntza hori gida egiterako orduan.

Gida horren bitartez hurrenez hurren honako kontuak azaltzen dizkiete kanpotik etorritakoei: Euskal Herriaren gaineko nondik-norakoak, euskara, hezkuntza aukerak, jai eta ospakizun esanguratsuenak eta udalerriko ekipamendu garrantzitsuenak.
Gidaren bultzatzaileek azpimarratu dute lan horren helburua dela "kanpotik etorritakoak integratzeko hemengoak zelakoak garen erakustea". Baina, horrez gain, etorkinei eskatzen diete euren sustraiak, jatorrizkoak, ez galtzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.