Etorkinak euskarara hurbiltzeko ekimena emaitza onak ematen

Iker Barandiaran 2008ko uzt. 11a, 12:13
Hainbat etorkin euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko eskola praktikoak egiten dabiltza Leintz Udal Euskaltegian uztaila osoan.

Aisa Jaurlaritzak sortutako unitate didaktikoa da. Hala, gura duten udal eta euskaltegiek material horretatik abiatuta, etorkinei zuzendutako ikastaroak antolatzen dituzte. Eskola horien helburua da etorkinak euskarara eta Euskal Herrira hurbiltzea, euren jaioterriko kultura ere abiapuntu hartuta.
Dagoeneko Eskoriatzan Aisa izeneko pare bat ikastaro egin dituzte eta harrera oso ona izan dute. Orain, adibidez, uztailean 20 bat egunetako eskolak ematen dabiltza. Aste barruan egunero lau ordu egiten dituzte euskarara hurbiltzeko.

Taldea Eskoriatzakoa den arren, Leintz Udal Euskaltegiak Aretxabaletan daukan eraikinean ematen dituzte eskolak, ordenagailu gehiago daudelako. Irakaslea Mirian Txintxurreta da.
Uztailerako osatu duten taldean zortzi ikasle daude. Horietatik zazpi adin txikikoak dira: Tangerreko Yassin, Asiz, Bilal eta Mohammed, Ghanako Yow, Algeriako Bohabdelah eta Saharako Omar. Zortzigarrena Kubatik etorritako Mayendi da. Mayendik 10 urte daramatza Eskoriatzan.
Txintxurreta irakaslea ahalegintzen da ikasleei Euskal Herriko ohiturak, euskal kultura eta euskara apur bat ezagutzera ematen. Horretarako, eguneroko ekintzak eta jarduerak praktikatzen ibiltzen dira.
Ikastaroa hasi eta lau egunetara, dagoeneko, gai dira zenbakiak euskaraz esateko, agurtzeko edota taberna baten edariak eskatzeko. Are gehiago, kasu askotan irakasleak esandakoa ulertzeko gai izaten dira, nahiz eta oraindik berba gutxi egiten duten.
 
Semeak 'bultzatuta'
Mayendi kubatarrak azaldu digu Julen semeak askotan euskaraz egiten diola, eta horren aurrean erabaki zuela ikastaroetara joatea. "Asko ikasten nabil, baina hitzak ahoskatzeko zailtasunak ditut, z adibidez. Etxean semea ibiltzen da neu zuzentzen".
Omarrek ere euskara ikastea erabaki zuen: "Hemen bizi behar banaiz ikasi behar dut. Hitzak luzeegiak dira, baina ahalegintzen nabil eta gustuko dut". Oso gustura eta motibatuta daude, eta bai Mayendiren eta bai Omarren asmoa da uda ostean euskara ikasten jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak