Etorkinak euskarara hurbil daitezen ikastaroa gertu dute

Mirian Biteri 2010ko mar. 26a, 10:42
Herrira kanpoko herrialdeetatik gero eta jende gehiago etortzen dela jabetuta, Eskoriatzako Udalak, Aretxabaletako Udala eta Leintz Udal Euskaltegiarekin batera, euskara Aisa ikastaroa gertatu du ostera ere etorkinendako. Martxoaren 31 baino lehen eman behar da izena kultura etxean edo Gizarte zerbitzuan.

Euskara zerbitzuko teknikari Mari Karmen Arrietak jakinarazi digu laugarren urtea dela hori antolatzen dutela eta datozen egunotan, udalerrian bizi diren etorkinek gutuna jasoko dutela etxean, ikastaro horren gaineko informazio zuzenarekin. 

Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko ikastaroa dela jakinaraziko zaie horretan, eta euskararekin harremanik izan ez duten 16 urtetik gorako etorkinei zuzendutakoa dela. Ikastaroa 60 ordukoa izango da eta izena ematen dutenen artean adostu beharko da zein egun eta ordutan emango diren eskolak. Asmoa da astean hiru egunetan izatea horiek, egun bakoitzean bi ordu sartuta.

Ikas-materiala HABEk jarriko du, eta HABEren eta Udalaren artean ordainduko dute. Ikasleek, berriz, matrikula sinbolikoa bakarrik ordaindu beharko dute.  Horren prezioa ez da aldatu. Interesatuek 10 euro bakarrik ordainduko dituzte.


Joan den urtean, 15 lagun
Leintz Udal Euskaltegiko arduradun Karmele Agirregabiriak aipatu du asmoa dela Aretxabaletan eta Eskoriatzan izena ematen dutenekin talde bakarra osatzea. Joan den urtean, bi herrietako 15 lagunek parte hartu zuten esandako ikastaroan. Peru, Kolonbia, Maroko eta Bolibiako 40 urteko emakumeak ziren gehienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak