Esther Espartzak 'Muy kontranatura' antzezlana aurkeztuko du bihar

Mirian Biteri 2009ko aza. 26a, 16:50
Antzerkia dago bihar, egubakoitza, gauean Eskoriatzan. Esther Espartza aktore ezagunak 'Muy kontranatura' izeneko antzezlan komikoa aurkeztuko du unibertsitateko areto nagusian, 22:30ean. Sarrera debalde izango da.

Biharko ikuskizun interesgarria umorezko bost bakarrizketaz osatuta dago. Bakarrizketa horiek urtetako ikerketa zientifikoetan daude oinarrituta, eta moralaren inguruan hausnarraraziko digute.

Antzezlanaren Gaiak

Gizakien eta animalien arteko homosexualitateaz, hainbat zientzialari britainiarrek zikinkeria eta alaitasuna lotuz egindako ikerketaz, Australiako talde batek etorkizunean haurrak gizartearen laguntzarik gabe jaio daitezkeela dioen teoriaz eta beste zenbait gairen gainean arituko da Espartza gaur. Emanaldia espainolez izango da eta ordu eta laurden inguru iraungo du.

Alvaro Fernandez musikaria

Aktore nafarra ez da bakarrik egongo taula gainean. Ondoan Alvaro Fernandez Gabiria musikaria izango du. Bakarrizketa bakoitzean musika-pieza bat joko du aho-soinuaz eta gitarraz.

Fernandez musikaria eta konpositorea Stay Blues taldeko liderra da. Gainera, hainbat film, dokumental eta film laburretako soinu-banda konposatu du; tartean, Aizpea Goenagak zuzendutako Sukaldeko kontuak filmaren musikaren egilea da.

Esther Espartza polifazetikoa

Esther Espartza, berriz, arte dramatikoko irakasle polifazetikoa da, obra asko antzeztu eta zuzendu ditu eta telesailetan eta film luzeetan ere egin ditu aktore lanak. Irratian eta telebistan ere eskarmentua du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak