Espainiako Gobernuan egin beharreko eskaerak zehaztu dituzte

Miren Arregi Amasorrain 2009ko urt. 20a, 18:06
Espainiako Estatuan egingo diren diru laguntza eskaerak zehaztu ziren atzoko osokoan. Eskaera horiek ezin dira urteko aurrekontuen barruan egon eta oraingo urtean burutzekoak behar dute izan. Bozketaren unean, EAJ eta EA abstenitu egin baziren ere, udal gobernuak, Alderdi Sozialistak eta Ezker Batuak baiezkoa esan zuten.

Aurreko legealdietatik datozen zorrek, eta krisi ekonomikoaren ondorioz udaletxeko diru sarreren gutxitzeak Eskoriatzako udala egoera ekonomiko delikatuan utzi dute. Hori horrela,  2009an aurreikusten diren inbertsio nagusiak egin ahal izateko Espainiako Estatuko fondoetatik datozen diru laguntzetara jo dute Eskoriatzako udalean.

Guztira 700.520 euroko diru laguntzak eskatuko ditu Espainiako estatuan Eskoriatzako udalak eta diru hori 10 proiektu gauzatzeko erabili gura da. Horien artean nagusienak dira Arana eta Aranburuzabala kaleetako asfaltoa konpontzeko lanak, guztira 140.000 euro pasatxoko aurrekontuarekin.

Bestetik, Olaeta auzoko pilotalekua estaltzeko ere eskatuko dituzte diru laguntzak, guztira ia 126.000 euro. Gaur egun pilotalekua estalperik gabe dago eta hura estaltzea izango da beste aktuazio garrantzitsuetariko bat.

Azkenik, eskatutako diru partidarik handiena, San Pedro auzora bideratuko dute, auzoko hainbat zati berriro urbanizatzeko. Lan horietarako Espainiako estatuan eskatuko dira ia 228.000 euro. Urbanizazio lan horien barruan aurreikusten dira azpiegitura lanak, eta irisgarritasunean irabazteko inbertsioak, hala nola, San Pedro auzoaren eta Kiroldegiko plazaren artean arrapala bat ipintzea.

Esandako moduan, 10 dira Eskoriatzako udalak Estatuko fondoetako diruarekin gauzatu gura dituen proiektuak. Horien artean daude, Txistulari Arratea plaza birgaitzea, Lete eta Eraña auzoak lotzen dituen errepidea konpontzea, Santa Ana udal etxebizitzaren birgaitzea, edota Luis Ezeiza  ikastetxeko gas ihesak eta suteak detektatzeko instalazio sistema hobetzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak