Eskoriatzarrak 'Eingeinke', herria pizteko

Jon Berezibar 2010ko urr. 11a, 15:00
Herria pizteko helburua du Eskoriatzako 'Eingeinke' ekimenak eta hori lortzeko modurik onena herritarrak aktibatzea dela uste dute bultzatzaileek. Zapatu arratsaldean datozen hilabetetarako prestatu dituzten ekitaldien berri eman zieten herritarrei. Euriaren erruz, udaletxeko arkupeetan banatu zituzten edariak eta pintxoak eta kalean edo txikiteoan zebiltzan herritar dezente hurbildu zen bertara informazioa jasotzera.

Iaztik lanean

Joan den urtean hasi ziren lanean Eingeinke ekimenekoak. Gaur egun, 15 bat lagun batzen dira taldean. Iaz lauzpabost ekitaldi antolatu zituzten, bertso afaria, sagardotegira irteera eta Sahararen aldeko janari bilketa tartean. Ekimenaren ildoak finkatu eta gero, herritarren proposamenak batu dituzte azken hilabeteotan eta osatutako egitarauaren aurrerapena aurkeztu zuten zapatu iluntzean. Esate baterako, azaroaren 20an film laburren rallya egingo dute Eskoriatzan eta abendurako kontzertuak eta Sahararen aldeko ekitaldiak aurreikusi dituzte, besteak beste. Herritarrengandik jasotako proposamenetako bat kintada guztiak egun berean ospatzea izan da eta otsailaren 5ean egingo dute hori.

Parte-hartzea bultzatu

Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela diote ekimeneko bultzatzaileek. “Herritarrek beraiek izan behar dute protagonismoa, ekitaldiak proposatuz, ideiak jaurtiz. Laguntza emateko gertu izango gara baina behetik sortutako, bultzatutako ekimen sendo bat izatea nahi dugu. Izenak ere horixe adierazi nahi du, herrian nahi dugun edozer egiteko gauza garela hain justu”.
Eskoriatzako koadrilengana mezua heltzea eta egitasmoarekin bat egiten duen zenbat eta jende gehiago izan, askoz hobe. Herritarrek eta herriak jasoko dute emaitza. 

 

Degurixa norena den erabakitzeko desafioaren atarikoa, urriaren 23an

Urriaren 23rako, Geuria don/k Degurixa ekitaldia iragarri du Eingeinkek. Uztailean erabakiko dute Degurixa Aretxabaleta, Oñati edo Aretxabaletakoa den, baina bitartean giroa berotzen joateko aretxabaletarrei eta oñatiarrei gonbidapena luzatu diete hilaren 23ko desafiorako. Soka-tira, oliba hezur jaurtiketa, irrintzi lehia eta beste hainbat proba izango dituzte. Egunean bertan, garagardo festa izango da Eskoriatzan. Eingeinke ekimeneko bultzatzaileek azpimarratzen dutenez, herritarrek beraiek ekitaldiak antolatzea bilatzen dute, herriko giroa pizteko helburuarekin. Bestalde, egubakoitzero bilera egiten dute Santa Anan, ludoteka ondoko lokalean, 18:30ean. Esan beharrik ez dago herritar guztiak daudela parte hartzera gonbidatuta. Harremanetarako, eingeinke@eskohitza.com helbidea edo bloga: www.eskohitza.com/blogak/eingeinke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak