80 urtetik gorako 24 eskoriatzarren testigantzak batu dituzte. Horietatik bost 90 urtetik gorakoak dira: Andres Agiriano, Maximo Lezeta, Bernabe Errasti, Cruz Abarrategi eta Joxe Azkarate, hain zuzen ere.
Ekimena handituz joan da. Hasiera baten euskalkia jasotzea zen helburua, baina protagonistek euren bizitzako pasarte ugari kontatu dituzte; eta, haljja, Eskoriatzako historiaren zati garrantzitsu bat jasotzea lortu dute, hala nola orduko ohiturak, usadioak, bizimodua zelakoa zen eta beste gauza asko.
Onespena aitortu diete
Euskara Sailak jakinarazi duenez, elkarrizketak egiteko adindunengana jo zutenean haiek garrantzia kendu zieten euren testigantzei. Horregatik, Udalak publikoki eskerrak eman dizkie herritar horiei guztiei. Ez hori bakarrik, erakutsi gura izan die eurek kontatutakoa ondare garrantzitsua dela, eta historia jasotzeko ezinbestekoa dela. Adindunek gustura entzun zituzten Udaleko eta Badiharduguko ordezkarien hitzak, eta ekimenaren parte direla sentitu zuten.
Elkarrizketa guztiak eskoriatza.badihardugu.com webgunean daude; Arteman enpresak ikus-entzunezko bat egin du, besteak beste; eta jasotako informazioari erabilera handiagoa emateko asmoa du Udalak, ikasleei edo herritarrei zabaltzeko.