Eskoriatzarrak Atxorrotzera igoko dira domekan

Mirian Biteri 2009ko api. 29a, 17:35
Azken urteotako ohiturari jarraituz, Atxorrotz Eguna ospatuko dute domekan. Horretarako, egitarau xume baina berezia antolatu dute Atxorrotx GKEa, Arizmendi eta kultura etxeak.

Ospakizunak ohikoak izango dira. Hala, 09:00etan, txistulariek herriko kaleak girotuko dituzte eta ordu erdi geroago, 09:30ean, Atxorrotzera igotzen hasiko dira eskoriatzarrak.
Behin goian daudela, meza entzuteko aukera izango dute gura dutenek; 11:00etan emango diote hasiera horri.

Jarraian, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek Sorkunde eta Jon bikoteak utzitako lekua hartuko dute, azken urteotan esandako bikotea arduratu da-eta ingurunea alaitzeaz. Dantzaldiak irauten duen bitartean, Atxorrotzeko tabernan ogitartekoak eta kafea egongo dira salgai bazkaltzen geratu gura dutenendako.

Herriko plazan

Bazkaldu ostean, herrira bueltatzeko ordua iritsiko da, hurrengo hitzorduak Herriko Plazan egitea dago-eta aurreikusita. Betiko moduan, 18:30ean, herritarrek egindako tortilla goxoak salduko dira han. Ordu berean, gainera, Eskoriatzako txistulariekin erromeria hasiko da.

Jakina denez, Atxorrotz Egunean batzen den diru kopurua Eskoriatzako Atzeratuen Taldeari eta Atxorrotx GKEak dituen proiektuei laguntzeko bideratuko da. Antolatzaileek parte hartzeko gonbita egingo dute. Huts egiteko aitzakiarik ez dago, eguraldia ere portatuko dela iragarri dute-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak