Eskoriatzako Kirol Elkarteko presidente Manolo Muñozek azaldu digunez, 17:30ean areto futboleko jaurtiketa lehiaketa egongo da plazan: "Ate txiki bat jarriko da, atezainik gabe; barruan kono bi jarriko dira. Baloia bi horien artean sartu beharko da, abilidadeak izango du lehiaketa horretan garrantzia". Handik ordubetera, toki berean, saskibaloiko hiruko saskiratzeen lehiaketa hasiko da. Azkenik, 20:00etatik 21:00etara patatak zuritzeko nazioarteko lehiaketa egingo dute lehen aldiz. Horretarako izenemateak bi euro balioko du.
Muñozek lehiaketa horren gaineko azalpenak eman dizkigu: "Parte hartzaile bakoitzak kilo bat pisatzen duen patata poltsa hartu beharko du eta han dauden patatak zuritu. Denbora jakin batean patata-azal gehien biltzen duenak irabaziko du lehiaketa".
Partiduak
Hitzordu berri horietaz gain, urterokoak ere egongo dira. Kirolariaren Egunari 10:30ean emango diote hasiera kiroldegian, saskibaloi partidu batekin. Kirol elkarteko gizonezko beteranoak emakumezko beteranoaren kontra lehiatuko dira. 10:45ean, berriz, herriko pilota txapelketako finalak hasiko dira; eta 11:00etan, umeendako jokoak plazan.
Ordu berean, tortilla lehiaketari ekingo diote. Sukaldariek ordubete izango dute tortilla prestatzeko; 12:00etan aurkeztu ostean, epaimahaiak ordu erdiko epea izango du tortlila gozoena zein den erabakitzeko. 12:30ean irabazleen izenak jakinaraziko dira.
Herri bazkaria
Handik bi ordura, herri bazkariari emango diote hasiera. Bazkari horretarako txartelak erosteko epea dagoeneko amaitu da. Antolatzaileek 60 lagun inguru espero dituzte.
Bazkaldu ostean, ekimenek jarraitu egingo dute. Areto-futboleko jaurtiketa lehiaketa amaitu ostean, esan bezala, saskibaloiko hiruko saskiratzeen lehiari hasiera emango diote 18:30ean. Ordu eta toki berean, txuleta jana egongo da; arrakasta itzela duen ekimena da hori.
Patatak zuritzeko nazioarteko lehiaketaren ondotik, jai bukaerako txupinazioa botako dute 23:00etan. Ordurako indar barik egongo dira Kirolariaren Eguneko parte-hartzaileak.
Galiziako bidaia
Bestalde, Eskoriatzako Kirol Elkarteko presidenteak jakinarazi digu uztailerako aurreikusita zegoen bidaia bertan behera geratu dela, jende gutxik eman du-eta horretan izena. Galiziara joatekoak ziren uztailaren 3tik 5era bitartean.