Eskoriatzak ez du maila igoera lortu, Iraurgi gehiago izan da-eta

Julen Iriondo 2010eko maiatzaren 9a

Azpeitiko Iraurgi saskibaloi klubeko neskak izango dira datorren denboraldian Euskal Ligan jokatuko dutenak. Urte osoan erakutsi duten nagusitasuna baieztatuz, ondo irabazi zioten finala Eskoriatzari. Etxeko neskek, azken garaipenik ezean, Intxaurtxuetan finala jokatu izana eduki zuten sari, azken hiru denboraldietako Lauko Finaletan finalerdietan galdu eta gero

Oraingoan ere finaletik kanpo geratzeko zorian izan ziren eskoriatzarrak. Zapatuko finalerdian Añorga izan zuten aurkari, aurreko hiru ediziotako bitan Eskoriatza kanporatu zutenak. Fernando Rasoren neskek bazuten, beraz, arantza hori, eta ateratzeko gogoz kantxaratu ziren. Baina gehiegizko presioz-edo, etxekoek ez zuten euren mailarik eman, partidu hasieran batez ere.
Añorgak 10-12 puntuko aldea hartu zuen laster, eta ekinaren ekinez lortu zuten eskoriatzarrek luzapena behartzea. Hirugarren laurdenetik aurrera hasi ziren hobeto defendatzen, eta Añorgakoek ezin izan zuten ordura arteko jokorik egin. Erasoan ere orduantxe hasi ziren baloia ondo mugitzen, aurreneko bi laurdenetan oso eraso laburrak egiten zituzten-eta. Luzapenean, Añorgakoek baino gehiago asmatu zuten Rasoren neskek, eta horrela lortu zuten finalerako txartela, 62 eta 57 irabazita. Beste finalerdian, aurreikuspenak bete egin ziren, baina Iraurgik espero baino zailtasun gehiago izan zituen Cafes Aitonari irabazteko; bi minutu faltan ez zegoen garbi zeinek irabaziko zuen: azkenean, 57 eta 51.
Domekako finalean lehenengo minutuetatik ikusi zen Eskoriatzak oso zaila izango zuela garaipena –7 eta 21 lehenengo laurdenaren amaieran–. Kanpokoek oso ondo ekin zioten partiduari; erakutsi zuten, beste behin ere, baliabide asko dituen taldea dela. Kanpotik asmatzen zuten, barruan ere bai, errebotean nagusi ziren...
Etxekoek ez zuten euren jokoa geratzen asmatzen, eta erasoan, berriz, ez zuten zirrikiturik aurkitzen. Azpeitiarrek askoz ere posizio erosoagoetatik egiten zituzten jaurtiketak, eta asko asmatu zuten. 31 eta 62 amaitu zen partidua. Bi taldeetako jokalariek elkar besarkatu, eta txaloz agurtu zituzten harmailak bete zituzten zaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak