Ikasleak iritsi ahala karpeta bana eman diete bertso paperak idazteko gaiarekin, maila bakoitzeko gai ezberdina. Ordubeteko tartean Almeneko geletan jardun dute ideiak neurtuta eta errimatuta paperetan jartzen.
Idatzizko lanen ondoren bapateko saioaren txanda etorri da. Almeneko aretoak txikiek jardun dute lehenengo, 14 urtera artekoek eta 15 eta 18 urte artekoek gero, Jokin Labayen arrasatearraren esanetara.
Zumarraga-Urretxuko hiru talde
Gaztetxoen mailan Zumarraga-Urretxuko hiru taldek jardun dute, batean arrasatear batek ere bertsotan egin badu ere. Mikrofono aurrera lehenengo atera direnak Mikel Iturriotz, Beñat Torres eta Leire Akizu izan dira. Aurrez prestatutako agurra kantatu dute lehenengo Ai, Anselma doinua erabiliz eta honako kopla errepikatuz:
Ai, ze pelma, pelma, pelma
Ai, ze pelma kuadrila
Min hartu nahi ez duenak
Paretik kendu dadila
Parean jarraitu dute entzuleek eta bertsolarien tokia euren herrikideek hartu dute: Mirari Arratibel, Jone Alberdi, Maialen Akizu eta Ane Zuazubiskar, azken hau arrasatearra. Bonba doinua baliatu dute kanturako ez ezik baita dantzarako ere; beste bi taldeetako lagunak eta era berean lehiakideak zirikatuz.
Nesken taldeari lekukoa hartu eta mutilek, Jon Mendizabalek, Joseba Salegik eta Asier Hernandezek Betagarri taldearen doinuarekin egin dute agurra.
Lau oinak eta gaia
Agurren ostean, lau oinak emanda kantatu dute taldeko bi lagunek zortziko txikian eta gaia jarrita beste bi taldekidek, hiruko taldeetako batek bi lanak egin behar izan ditu.
Mikel Iturriotzek eta Leire Akizuk oinak emanda jardun dute eta azken honek bertsoaren amaieran esan duen moduan ipini dio saioari musika. Beñat Torresek eta Mikel Akizuk arraina zaindu ez dutela eta amaren purrustadaren aurrean ezberdin jokatu dute; bata barkamen eske eta bestea arraina lapikoan sartuko duela esanez.
Bigarren taldean Mirari Arratibelek eta Ane Zuazubiskarrek kantatu dute lau oinekin eta onena finalera pasatu dadila esan du Anek, ea zorterik duten itxaron behar. Jone Alberdiri eta Maialen Akizuri gai emaileak esan die euren urtebetetzerako Play Station-a eskatu arren liburua jaso dutela. Neurri luzean eta arrazoietan fin krisi madarikatua aipatu du Akizuk.
Hiru mutilek amaitu dute gaztetxoen saioa. Lau oinekin eta Asier Hernandezek egin dute eta saioaren gainean abestu du lehenengoak. Joseba Salegik eta Jon Mendizabalek erosketak egitera joan eta etxera esku hutsik bueltatu direnen paperetik kantatu dute.
Etxera, ordea, denak euren saioa txukun egindako ustearekin itzuli ziren.
Helduak
Helduen mailan Alegiko Imanol Irazustabarrenak eta Iñaki Artolak eta Errezilgo Eneritz Arzallusek eta Eneritz Eizmendik abestu dute.
Agurrean San Isidro eguna gogoan errimak eta gaia jorratu eta puntuak metatu nahi dituela esan du Irazustabarrenak; Artolak ondo jardun nahi duela besteak lotsagarri utzi gabe; Arzallusek azken urtea duela eta urtetan ikasitakoa erakustera datorrela; eta Eizmendik saioa egin eta oporrak pozez hasteko gogoz dela.
Lau oinak emanda ipini ditu agurren ondoren hauek ere. Reala hartu du gai Imanolek eta aitari saiora ez etortzeko esan diola kantatu du Iñakik. Biek ofizioka jardun dute segidan: azterketan bostekoa aterata bata pozik eta negarrez bestea. Pozik kantatu du Irazustabarrenak eta entzuleei ere barrea atera amak angulak ipiniko dituela esanez; Artolak, ordea, amak zigortuko duela eta penetan.
Neskek ere lau oinekin kantatu dute; Arzallusek saioan lasai jarduteak mesede egingo diola esanez, eta Eizmendiri azterketa garaitik pasa berri dela nabaritu zaio irakaslearen paperetik kantatu duenean. Ofizioka jarduteko gai serioa ipini die Labayenek: Gizakia Helburun aita drogazalea duen lagun bati harengana bisitara lagundu nahi zion batek, besteak ez, ordea. Joan gabe ere aitak maite duela badakiela esan du Arzallusek eta Eizmendik erantzun dio: “hontako ez bada bere lagunak/zertako gara bestela”.
Bakarka arrazoi onak
Ofizioka egin ostean bakarka. Puntuari erantzunez lehenengo eta gaiari gero. Bakarka arrazoi politak entzun dizkiegu bertsolariei. Etxetik kanpo bidaian ibiltzen den amaren gainean Imanolek kantatu du: Oaindik ez dakit nik maite dudan eta maite ote nauen; osasun arrazoiengatik kirola debekatu diotenaren lekutik Iñakik bota du: “Kirola egiten segiko diat, bertsoa kirol bat bada”. Maitasun deklarazioa egin dion txikitako lagunari horrela erantzun dio Eneritz Arzallusek: “Jakin ezazu eta pentsatu, ez al da triste xamarra: nik harreman bat irabazteko lagun bat galdu beharra”. Gurasoak kanpoan ziren ustean asteburuan etxean festa antolatu eta ustekabean harrapatu dutenean horrela kantatu die gurasoei Eizmendik: “Atzera bueltarik ez du honek, eta benga honezkero. Zuek ere goza zazue festa eta kastigatu gero”.
Lasaitu eta agurrerako txanda heldu denean debutarekin gustura batzuk eta opor eta parrandarako gogoz besteak.
Hurrengo ostiralean Beasainen jokatuko da azken kanporaketa eta han jakinaraziko dute zein talde eta helduen mailako zein bertsolari pasako diren Donostiako finalera.