Eskola inguruko eta Gaztañaduiko argiteria publikoa aldatzeko bidean

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko urt. 25a, 17:34
Udalaren susmoak baieztatu egin dituzte neurketaren emaitzek: Eskoriatzako argiteria publikoa oso egoera eskasean dago. "Ez bakarrik ekipoak txarrak direlako edo zaharkituak daudelako, kontratuak ere oso gaizki daude orokorrean", adierazi du Pedro Lasagabaster alkateak.

Herriko zortzi gune aztertu dira neurketa horretan. "Ikusi da kontsumoa altua dela, gure sarea eta gure farolak zaharrak direlako. Leku batzuetan nabariagoa da beste batzuetan baino, baina egoera orokorra dela esan daiteke". Udalak emandako lehenengo pausoa kontratuak berrikustea izan da. Kasu batean baino gehiagotan kontratatutako potentzia behar baino handiagoa zen, eta ondorioz kostua neurriz kanpokoa.

Instalazio berriak

"Gure proposamena, orain, argiteria sistema bi gunetan berritzea da; Luis Ezeiza herri eskola inguruan eta Gaztañadui kalean", aurreratu du Lasagabasterrek. "Egubakoitzeko batzordean aztertu genuen gaia, eta aste honetako osokoan onartuko dugu. Lanak lehenbailehen hasi nahi ditugu".

Lasagabasterrek azaldu du bi guneak aukeratzeko lehentasunak finkatu behar izan dituztela: "Uste dugu liburutegi-eskola inguruak baduela lehentasuna besteekin alderatuta. Badakigu beste auzoetan ere beharrezkoa dela, baina apurka-apurka txoko guztietara heltzea da gure asmoa".

Obra zibila, txikia

Pedro Lasagabasterrek aurreratu duenez, bi guneotan egin beharreko obra zibila txikia da: "Teknikoek esan digute gune horietan argiteriaren sarea nahiko ondo dagoela; beraz, ez da aldatu behar. Batez ere farolak aldatuko ditugu".

Ez omen da gauza berdina gertatuko herriko beste zenbait gunetan: "San Pedro auzoan, esaterako, erreforma integrala egin behar da. Koadroak, sarea eta faroak... guztia berritu beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak