Goiz irtengo dira Eskoriatzatik. Hitzordua 07:15ean egin dute geltokian. Arnedora iristean, besteak beste, zapaten museoa bisitatuko dute. XIX. mendetik herri horretan zapatagintzak izan duen garrantzia ezagutzeko aukera izango dute eskoriatzarrek. Azalduko diete, esaterako, gaur egun zapatagintzaren sektoreak Errioxan 3.100 langile inguru dituela eta horietako %75 Arnedon dagoela; asko herri horretako El Raposal izeneko gunean daude kokatuta.
Errioxan egonda ardoarekin zerikusia duten bisita egiteko ere aprobetxatuko dute. Arnedotik hurbil dagoen Ontañongo upeltegira joango dira eta han Errioxako ardoa probatu ahal izango dute.
Jarraian, Arnedotik lau kilometrora eta Cidacos ibaiaren ondoan dagoen XV. mendeko Nuestra Señora de Vico monasterioa ezagutuko dute. Bisita hori amaitzean Eskoriatzara itzuliko dira erretiratuak.
Castellora bidaia maiatzean
Arnedokoa ez da datozen hilabeteotarako antolatu duten irteera bakarra. Maiatzean Marina D'or-era bidaia antolatu dute. Hamaika egun emango dituzte han, maiatzaren 9tik 20ra bitartean.
Prezioa 455 eurokoa izango da. Olazarretik azaldu dute bidaia bi zatitan ordaindu ahalko dela, lehena martxoan eta bigarrena apirilean. Interesa dutenek aste honetan eman behar dute izena elkartearen egoitzan.