Musika eta antzerkia uztailean, Errekan Gora jaialdiarekin

Ander-Monedero 2010eko ekainaren 15a

Eskoriatzako Aitzorrotz kultura elkarteak, Errekan Gora jaialdiko hirugarren edizioa aurkeztu du. Uztailean zehar era guztietako sei ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste Ausartak antzerki taldearen emanaldia eta Bizardunak taldea izango dira uztailean Eskoriatzan.

Sei ekitaldi antolatu ditu Aitzorrotzek Eskoriatzako Udalaren eta Kutxaren laguntzarekin.

Jaialdia uztailaren 2an hasiko da Oreka TX txalaparta taldearen eskutik. Txalapartari gipuzkoarrek emanaldi didaktikoa eskainiko dute herriko plazan eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango  du emanaldian. Ondoren, erakustaldia egingo dute eta Nomadak TX filmaren proiekzioa ere bai.

Hurrengo asteburuan, musika klasikoaren txanda izango da: Bostarte haize boskotea izango da Ibarraundi museoan eta kontzertu liriko instrumentala Azkoaga Enean.

Uztailaren 17an Ausartak Eskoriatzako antzerki taldearen aurkezpena eta hurrengo egunean Five Alarm Fire taldearen kontzertua izango da Gernika plazan.

Eta jaia bukatzeko, uztailaren 24an Atxorrotzen egun guztiko jaia egingo dute. Bertan, Atxorrotzen historiari buruzko hitzaldia, trikitilari eta bertsolariak eta, ondoren,  Bizardunak talde nafarraren kontzertua izango da.  Beraz, Errekan Gora jaialdiari esker, kultur eskaintza bikaina izango da uztailean Eskoriatzan.

Egitaraua Errekan Gora 2010

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak