Eskoriatzako Udalak gogor ekin dio aspaldian natura baliabideak aurrezteari eta gutxiago kontsumitzeko ahaleginari. Horren harira, Eraikuntza jasangarriaren bigarren azoka egin du asteburuan.
Aurreko urtekoaren alorra gehiago zabaldu, eta eraikuntza eta etxeekin lotutako produktu eta gailuak bakarrik erakusteaz gain, oraingoan jakiei ere lekua eman diete. Hala, Eko Lurrak ekarritako janari asko ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera egon zen. Horra hor, intxaur-saltsa egiten ikasteko aukera izan zen.
Ura aurrezteko ordenantza
Are gehiago, azokarekin lotuta, hainbat panelen bitartez jakitera eman dute ura aurrezteko onartutako udal ordenantza.
Pilotalekuan batutako 11 enpresei dagokionez, hainbat zerbitzu interesgarri eskaini zituzten. Eguzki plaka eta plaka termikoak ezin izan ziren falta, jakina; ezta energia aholkularitzak ere. Horrez gain, lur azpian berogailua jartzeko instalazioen gaineko informazioa eman zuten.
Urari dagokionez, berriz, euriaren ura erregadioetarako eta bestelakoetarako aprobetxatzeko aukerak; hondakin-urak edateko edo bestelako erabileretarako bihurtu (azken hori, zizareak erabilita, eta konposta ere sortuz); ur gutxiago gastatzeko bideak eta beste izan dira.