Erabilitako landare-olioa batzen hasiko dira Eskoriatzan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko aza. 6a, 19:34
Eskoriatzan, erabilitako landare-olioa biltzeko esperientzia aitzindaria jarriko dute martxan laster. Mankomunitateak Donostiako Ecogras Recuperacion y Reciclado enpresarekin adostutako proiektua da aipatutakoa. Oraindik guztiz zehaztu barik dagoen arren, alkateak esan digu Goiko kalean, Intxaurtxueta-San Pedron, erdialdean eta Dorletan jarriko direla edukiontziak.

Eskoriatzako kaleetan jarriko dituzte edukiontziak; herritarrek etxeko olioa ontzietan batu eta edukiontzietara eraman beharko dute. Hilabete barru jarriko dituzte edukiontziak.

Arrasatekoaren antzerakoa

Eskoriatzan jarriko duten sistema Arrasaten dagoen sistemaren oso antzerakoa da. "Arrasatekoak pote berezi bat behar du. Oso antzerako sistema izango da, baina ez dauka zertan pote berezia izan behar, etxean dugun edozein potek balioko digu", azaldu du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak eta Mankomunitateko ingurumen arduradunak.  Berezitasun horregatik, hain zuzen, izango da esperientzia aitzindaria. Plastikozko zein kristalezko poteak erabiltzeko aukera egongo dela gaineratu digu.

Informazioa banatuko dute

Edukiontziak jarri bitartean, informazio banatuko dute Eskoriatzan. Horren harira, Mikel Jaio Mankomunitateko ingurumen teknikariak azaldu digu  inbutuak banatuko dituztela; guztira, 2.000. Eskoriatzako etxe bakoitzean inbutu bat hartzeko aukera egongo da. "Inbutua prestatuta dago ur botila edo freskagarri botiletarako. Uztai bidez inbutua botilara lotzen da; modu horretan, olioa arazo barik pasa daiteke zartaginetik ontzira", azaldu digu Jaiok. Sistema honekin, gainera, etxeko ontziak berrerabiltzeko aukera dago.
Bi dira esperientzia honen helburuak: batetik erabilitako olioa sukaldeko arraskatik behera botatzea ekidin gura da; eta, bestetik, olioa birziklatu gura da. "Arraskatik botatzen duguna errekara doa zuzenean, eta horrek asko kutsatzen du. Araztegiak dauden tokietan, ura garbitu egiten da baina olioa hondakin bihurtzen da", dio Jaiok.

Biodiesela egingo dute

Ecogras enpresak olioa bilduko du eta tratamendu baten bitartez zikinkeria guztia kendu ondoren Bionor enpresara eramango dute han biodiesela egiteko.
Ecogras enpresak emango duen zerbitzua doakoa izango da. Urtebete inguru iraungo du esperientziak. Balioko du alderatzeko ze sistema den egokiena: orain arteko bilketa sistema –puntu berdea–, Arrasateko edukiontzi sistema edo Eskoriatzan probatu behar duten sistema.

Lau edukiontzi

Oraindik guztiz zehaztu barik dagoen arren, alkateak esan digu Goiko kalean, Intxaurtxueta-San Pedron, erdialdean eta Dorletan jarriko direla edukiontziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak