Erabilera anitzeko aretoa egiteko laguntza eskatu diote Udalak eta HUHEZIk Aldundiari

Iker Barandiaran 2008ko urt. 17a, 16:30
Udalak eta HUHEZIk bat egin dute erabilera anitzeko areto baten beharra aldarrikatzen. Bi erakundeak ikuskizunak eta berbaldiak egiteko aretoaren finantzazio bila hasiko dira laster.

Eguaztenean Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok Mondragon Unibertsitateari egindako bisitaren barruan Eskoriatzako HUHEZI ere bisitatu zuen. Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek lagundu zuen Olano HUHEZIra egindako bisitan, eta aprobetxatu zuen Eskoriatzan dituzten hainbat kezka eta premia azaltzeko. Ez hori bakarrik, alkateak Udalaren kolaborazioa eskaini zion.

Huhezik eta udalak bat egin
Aldundiari egindako eskaeretatik nabarmenena erabilera anitzeko aretoa jartzeko asmoa da. Areto hori egiteko gogoa dute bai Udalak eta baita HUHEZIko arduradunek ere; eta horren berri eman zioten ahaldun nagusiari.

Hain zuzen ere, udal legealdia hasi zenetik Udala eta HUHEZI saiatu dira euren arteko harremanak indartzen. Hala, bi erakundeek bat egin dute areto bat sortzeko asmoarekin.

Zine zaharra, aukeretako bat
Udalaren aspaldiko asmoa da herrian kontzertuak, antzezlanak, berbaldiak eta agerraldiak egiteko areto egoki bat edukitzea. Horretarako, aztertzen dabiltza Santa Anan kokatuta zegoen zine zaharra horretarako erabiltzea. Hala ere, Pedro Lasagabaster alkateak jakinarazi digu hori aukera bat dela, baina beste kokapen batzuk ere kontuan hartuko dituztela.

Bai Udalak eta bai HUHEZIk, biek, gurako lukete eraikin horren gaineko proiektua aurten idaztea. Horretarako, baina, finantziazio iturriak bilatu beharko dituzte. Hala, guztia ondo joango balitz, datorren astean hasiko lituzkete lanok. Horiek baina asmoak dira, eta Lasagabasterrek ez daki gauzatuko diren.

Bestalde, alkateak Markel Olanori azpimarratu zion Eskoriatza Gipuzkoako muturretako bat bada ere, lurralde horri atxikita dagoela; eta Aldundiarekin elkarlana bultzatzeko asmoa dutela.
Alkateak gonbidapena egin zion diputatuari beste egun baten udalerria bisitatu eta Eskoriatzako premia nagusiak bere horretan ikus ditzan. Horrez gain, autobideko lanak ere hizpide izan zituzten bi ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak