Atzoko ohiko osoko bilkuran, Pedro Lasagabaster alkateak gogorarazi zuen aurtengo maiatzean eman ziotela hartzekodunek Udalari (Pedro Lasagabaster alkatea eta Dorleta Lezeta zinegotzia Patronatuko kideak dira) egoitzaren egoera ekonomikoaren berri eta hark, aldi berean, Patronatuari jakinarazi ziola.
357.000 euroko zorra
Ikerketak egin ostean, Aitor Urrutia kudeatzaile kargutik kentzea erabaki zuen, azken urteotan egindako kudeaketa "txarragatik". Alkatearen arabera, "Urrutiak, gainera, zorrak eta informazioa ezkutatu ditu, eta, gure ustez, gezurretan ibili da. Egoitza egoera larrian utzi du, diru zuloa ikaragarria da. Oraindik 357.000 euroko zorra du Patronatuak".
Egungo egoeraren gaineko datuak eman zituen. Irailean, zorrak 413.00 eurokoak zirela eta, laguntzen harira, Diputazioak emandako 189.000 eurorekin hartzekodun txikienei 56.000 ordaindu dizkietela esan zuen. Handienekin negoziatzen dabiltza, ordainketa atzeratzeko, gaurkotutako zerbitzuen katalogoagatik Diputazioak zor duen dirua jakin arte.
Ondorioak bere gain hartu
Alkateak azaldu zuen Urrutiak salaketa jarri duela kargugabetzea salatzeko eta kalte-ordainak eskatzeko. Egindako akatsa "oso larria" delako, Patronatuko udal ordezkari Lasagabasterrek eta Dorleta Lezetak proposamena aurkeztu zioten udalbatzari, Urrutiarekin kaleratzea "ez negoziatzeko", epaiketara joateko, eta horren aurrean, zor daitezkeen ondorioak "bere gain hartzeko". Lasagabasterren esanetan, "epaileak erabaki dezala". EAJ eta H1! taldeak abstenitu egin ziren eta gainerakoek horren alde bozkatu zuten.