Elorretako errota berritua jendaurrean erakutsiko dute

Iker Barandiaran 2008ko uztailaren 3a

Elorreta baserriaren alboan XIX. mendetik zutik egon den errota berriro eraiki dute. Berez lekuz ere aldatu dute errota, Sukia enpresak Bolibarrera bidean eraiki dituen etxebizitzak egiteko, Elorreta baserria eta errota, biak, bota zituztelako. Udalak hala eskatuta, baina, errota berriro eraiki du Sukiak, eta Ibarrundi museoaren arduradunen asmoa da hurrengo ikasturtetik hasita jendaurrean erakusteko bisitak antolatzea.

Etxebizitza berriak egiten hasi ziren arte, Anbrosio Abasolo eta bere familia bizi ziren Elorreta baserrian. Abasolo han jaio zen eta baita bere aita ere. Aitajauna errentan bizi zen Elorretan, baina halako baten jabeari, Hidalga jauntxoari, baserria erosi egin zion. Abasolok ez daki lehenengo errota zehatz noiz eraiki zuten, baina badaki 1927an berau erre egin zela, eta hori ordezkatzeko, beste bat eraiki zutela. Aitajaunak, aitak eta hirurek errotan lan egin zuten, orain dela 40 bat urte arte, eskaerarik ez zutelako. Orduan errota albo batera utzi eta fabrikan lanean hasi zen Anbrosio Abasolo. 
 

Lau errota udalerrian

Abasolok kontatu digu errotan garia, artua, pentsua eta beste egiten zutela; eta horren ondorioz baserri askotatik, Marindik, Leintz Gatzagatik eta beste, jende ugari joaten zela eurengana. Horrez gain, behiak ere bazituzten eta esnea saltzera jaisten ziren herrira. Azkenean, baina, errota utzi beharrean izan ziren.
Abasolok gogora ekarri digu iraganean lau errota izan zirela udalerrian: Marulandakoa, Gaztañaduikoa, Bolibarkoa eta Abasolo familiarena. Laurek zutik jarraitzen dute, baina ez daude lanean.
  

Erakusteko asmoa

Ibarraundi museoaren asmoa da tarteka Errotalde errota martxan jarri eta ikusi gura dutenendako bisitak antolatzea. Hori, baina, datorren ikasturterako egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak