Ekainaren erdialderako Santa Anako lanekin hastea gura du Udalak

Mirian Biteri 2010ko api. 22a, 17:21
Kostata, baina apurka aurrera doa Santa Ana komentuko kapera erabilera kultural eta sozialerako areto bihurtzeko proiektua. Eguazten arratsaldean egindako ezohiko osoko bilkuran, udalbatzak kontratazio prozesua eta baldintza ekonomikoak eta administratiboak onartu zituen. Asmoa da lanekin ekainaren erdialdean hastea.

Osoko bilkuran, Gobernuko kideen eta EB-Berdeak eta PSE alderdietako zinegotzien aldeko botoa jaso zuen, eta H1! eta EAJkoen abstentzioa. 

Edurne Iturbe idazkariak bilkura horretan jakinarazi zuen ezarri diren epe guztiak aurreikusi moduan betetzen baldin badira, lan horiekin ekainaren erdialdean hasteko moduan egongo direla. Horren harira, gaineratu zuen obra horietan interesa duten enpresa "kalifikatuek" maiatzaren 5era arte izango dutela izena emateko aukera, eta maiatzaren 6an, kontratazio mahaiak horien aukeraketa egingo duela. Jarraian, 10 eguneko epea zabalduko da aukeratuak izan diren enpresek lan ildoa eta eskaintza ekonomikoa aurkez ditzaten. Hori horrela, ekainaren 7rako behin-behineko esleipena egitea espero dute. 

399.300 euro

Proiektu hori egiteko 399.299,56 euro bideratuko ditu, gehienez, Udalak. Espainiako estatu fondotik iritsi den dirulaguntzarekin egingo da. Jakina denez, askotariko erabilerako aretoaren egokitzapena bi fasetan egingo da: lehenengoa, ekainaren erdialdean hasiko dena. Horretan, lokala egonkortuko da; horretarako, teilatua eta egitura berritu egingo dira. Bigarren fasean, berriz, gainerakoa egiteko asmoa dago.

Bigarren fasea, lotu barik

Azken horren harira, eztabaida piztu zen eguazteneko osoko bilkuran: EAJko Aitor Urrutiak eta EB-Berdeetako Juan Luis Merinok gogorarazi zuten bigarren fase hori egiteko dirulaguntzak lotu barik daudela. Pedro Lasagabaster alkateak onartu zuen oraindik ez dutela Diputazioarekin akordiorik egin, baina "horretan" dabiltzala: "Espero dut Aldundiak hitza betetzea, diputatu nagusiak eta kultura diputatuak eman dutelako". Dena dela, gaineratu zuen bestelako finantzazio iturriak ere badaudela. 

Zaldibar antzokia

Bestalde, PSEko Iñaki Pierrugesek aretorako izen berria proposatu zuen: Zaldibar antzokia. Inguruko toponimoetan oinarritu dela azaldu zuen. Kultura batzordean gaia jorratzekotan geratu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak