Eingeinke: herriko "pasibotasuna" bertan behera uzteko mugimendua

Mirian Biteri 2009ko uzt. 24a, 14:41
Gaur egun herrian dagoen "pasibotasunarekin" amaitzeko eta ekintzen bidez kaleak "dinamizatzeko" asmoa dute Eskoriatzako gazteek, eta horretarako, Eingeinke izeneko mugimendua sortu dute. "Edonori zabalik" dagoela eta, hortaz, gazteei bururatzen zaien edozein ideia aztertzen dutela jakinarazi dute. Hori bai, proposamen horiek euskara "oinarri" hartuta izan behar dute. Bariku arratsaldeetan biltzen dira ludoteka aldamenean dagoen lokalean; bertan, bakoitzari bururatzen zaizkion ideiak aztertzen dituzte.


Ideia aspaldikoa bada ere, apiril aldean lanean jarri ziren herriko zenbait gazte. Batetik, eskoriatzarrei zerbait mugitzen hasi zela ohartarazteko asmoz, Eingeinkeren ikonoa marraztu zuten herriko hainbat kaletan. Bestetik, Udalera jo zuten lokala eskatzeko: "Kalera begira egin behar ditugun ekimenak zehazteko eta behar bezala antolatzeko tokia behar genuen-eta". Udalak ludoteka aldameneko lokala utzi die.
Lokala eskuratu eta jarraian ekin zioten bilerak egiteari. Barikuetan elkartzen dira, 18:30ean. Bakoitzak buruan dituen ideiak botatzen ditu batzar horretan. Dena den, ideiak jasotzeko beste bide bat ere badute: www.eskohitza.com webgunean duten blogaren bidez. Hara iristen diren proposamenak barikuetako bileretan aztertzen dira gero. 

Ekimenak

Dagoeneko hasi dira ekintzak antolatzen. Ekainaren 6an egin zen Ferixien bertso poteoa antolatu zuten; eta Axtroki argazki taldearekin batera, egun horretan egin zuten argazki lehiaketan ere gertu ibili ziren. Orain, uda dela-eta erdi geldirik daudela onartu badute ere, iragarri dute laster irteera bat egiteko asmoa dutela eta irailetik aurrera lanean gogotsu jarriko direla berriro. 
Gazteek, azkenik, azpimarratu gura izan dute Eingeinke mugimendua ez dela bakarrik oraingo garaietara mugatzen; datozen belaunaldiei begira ere sortu dutela azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak