Ibarraundi museoak antolatzen du ekimen hori Zuhaitz Egunaren harira. Eskoriatzako ekimenak daukan bereizgarria da aurreko urtean udalerrian jaiotako gurasoei gonbidapena egiten dietela seme-alaba bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko.
Inoiz baino gehiago
2008an 37 ume jaio ziren udalerrian, eta horien gurasoek gutun bana jaso dute Ibarraundi museoaren eskutik. Horietariko gehienek bat egin zuten domekako hitzorduan, baina horiez gain, beste ume eta guraso asko gerturatu ziren museora. Hain zuzen ere, ekimena herritar gehiagori zabalik dago, eta guztiek izan zuten zuhaitz bana landatzeko aukera.
Hala, guztira, ehun bat zuhaitz landatu zituzten Aingeru Guarda ermita inguruan, eguraldia lagun zutela; hain zuzen ere, ateri egon zen-eta. Landatutakoen artean aretxak, lizarrak, urkiak eta ereixak izan ziren.
Museoko arduradunek jakinarazi digute hemendik aurrera zuhaitzei ez dietela (umeen) izenik jarriko, zuhaitzei kalte ez egiteko asmoz.