Eskoriatzako EB-Berdeak taldeak salatu du ez dagoela konforme udal gobernuak Aranburuzabala kalean etxebizitzak egiteko plan partziala aldatzeko erabili duen prozedurarekin.
Lehenik eta behin, EB-Berdeak uste du plan horren lehenengo onarpena uztailaren 27an egitea ez zela egokia izan: "Halako erabakien aurrean hilabeteko alegazio epea egoten da, baina abuztua horretarako ez da aproposa, eta ez zitzaigun ideia ona iruditu", azaldu zuen EB-Berdeak taldeko zinegotzi Juan Luis Merinok.
Horrez gain, talde horrek salatu gura du planaren behin betiko onarpena "ezohiko osoko bilkura baten egin zela, Lurzoruaren Legearen barruan sartu baino bi egun lehenago, hain zuzen ere". Hala, Merinok azaldu zuen plana aldatzeko onarpen hori bi egun geroago egin balitz, hau da irailaren 20an, "gasolindegi inguruan eraikiko diren 40 etxebizitza berrietatik legez ehuneko berrogei, 16 etxebizitza, babestutakoak izan beharko lirateke. Horren aurretik onartu zenez, baina, etxeak eraikiko dituen enpresa ez dago babestutako etxe kopuru jakin bat egitera behartuta".
Etxebizitzak egitearen alde
EB-Berdeak taldeko ordezkariak argitu gura izan zuen bere taldea ez dagoela plan horren aldaketaren kontra; hau da, bai Aranburuzabalan eta baita Kuatruenan ere etxebizitzak egitearen aldekoak direla, baina erabilitako prozedura eta datekin ez daudela konforme. "Arrazoi horregatik", azaldu zuen, "ezohiko osoko bilkuran hartutako erabaki guztiei baiezko botoa eman genien, Aranburuzabalako planaren aldaketari izan ezik".
Promotoreei mesede
Horren aurrean, Eskoriatzako Ezker Batua-Berdeak taldeak hainbat zalantza dituela jakinarazi zuen. Hala, Merinok salatu zuen onarpen horrek eskoriatzarrei ez diela mesederik egiten. "Norbaiti mesedea egitekotan hori promotoreei izango da. Halako ekintzen aurrean, badirudi Udalak promotoreak lagundu gura dituela. Ez diogu beste zentzurik hartzen".
Alkateari erantzuna
Bukatzeko, Merinok aintzat hartu ditu ezohiko osoko bilkuran alkateak esandako hitzak. Hain zuzen ere, aldaketa horrek hirigintza eta gizarte hobekuntzak ekarriko dituela. EBren ustetan, hirigintza hobekuntza izango bada ere, gizarteari ez dio berezko mesederik egingo".