Urtarrilaren 7an batzordea egin zuten horren gainean jarduteko. Pedro Lasagabasterrek jakinarazi duenez, asteon aurrera eraman beharreko proiektuak erabaki beharko dituzte.
Esandako taldeetako ordezkariek, esan bezala, euren proposamena aurkeztu dute batzordean. Irizpide nagusien atalean, udal ordezkarien arabera, Udalak bizi duen egoera ekonomikoa kontuan hartuta, mantenu gastuen eta kostu energetikoen murrizketa ahalbideratzeko proiektuak bultzatu beharko lirateke. Gainera, lan sustapenaren helburua eraginkorra izan dadin udalerrian helbideratutako enpresen esleipenei lehentasuna ematea eta esleituko diren lanen baldintza pleguetan langabezian dauden pertsonen kontratazioa exijitzea proposatu dute.
Proiektu zehatzak
Proiektu zehatzei dagokionez, argiteri publikoan zein udal bulegoetan inbertsioak egitea, berrurbanizatu gabeko auzoetan ur hornikuntzak hobetzea eta hiri hondakinen edukiontziak lurperatzea eskatu dute.
Horra hor, bestalde, ekipamendu sozialen arloko eskakizunak: Luis Ezeizako jolastokiaren estaldura, Aranburuzabala kaleko haur jolastokia eraberritzea eta Intxartxueta 14 eta 20 zenbakien arteko aparkalekua handitzea.
Hiriberritze eta Berrurbanizazio planaren barruan, San Pedro 9ko irtenbide berriko inguruaren bukaera, Dorleta 18 bidearen exekuzioa, Hidalga 20-21 zenbakietako atzealdearen hobekuntza eta Intxaurtxueta auzoko urbanizazioaren eraberritzea eskatu dute, besteak beste. Azkenik, elizateetara diru laguntzaren %10-15 bideratzea proposatu dute.