Dorleta auzoko fatxadak berritzeko lanak bide onean doaz

Iker Barandiaran 2007ko mar. 16a, 16:22
Dorleta auzoko fatxadek beste itxura bat hartu dute aspaldian. Lanak oraindik bukatu barik dauden arren, bide oso onean doaz, eta auzoa eraldatuta dago.

Auzoko fatxada guztiak eraberritzearen asmoa aspaldikoa da. Auzotarrak Udalaren zain egon ziren luzaroan, azken horrek auzoa bera eraberritzeko lanak egin gura zituelako. Zoritxarrez, Izartu erakundearen laguntzak jaso artean, ez zituzten auzoko lan orokorrak abiarazi. Eta horren ostean, auzotarrek ere fatxadak berritzeko lanak hasi zituzten.

Urtebete daramate lanean

Hala, orain dela urtebete Dorletako auzotarrak Ramel enpresarekin harremanetan jarri ziren, eta lanak hasi zituzten.

Lanek 600.000 euro inguruko aurrekontua dute, eta helburua da auzoa osatzen duten etxe guztien fatxadak berritzea eta margotzea. Guztira, lan horiek 17 atari edo beste moduan esanda 136 etxebizitza hartu ditu euren baitan.

Lehenik eta behin etxeen fatxadak garbitu eta txukundu egin dituzte; horren ostean, margotzen aritu dira.

Beheko solairuak faltan

Hitzartutako lanak bukatzeko, etxe guztien beheko solairuak, garajeak eta etxabeak margotzea falta da oraindik.

Auzotarrek azaldu digutenez, Udalak auzoa eraberritzeko lanak noiz bukatu zain daude. "Kable-sarea sartu ahala, guk fatxadak margotzen jarraitu ahal izango dugu. Baina lan hori egin arte, guk ezin dugu gurearekin jarraitu". Horrez gain, auzotarrek nabarmendu dute aspaldian Udala egiten dabilen lanak geldi samar daudela, eta komeni dela horiek aurreratzea.

Lan orokorra, Fonortek

Bestalde, Udala dabil auzoa osorik berriro urbanizatzen. Espaloiak zabaldu, jolas-leku berria egin, aparkalekuak jarri, saneamendua aldatu eta beste lan batzuk egiten dabiltza. Fonorte enpresak du horren ardura.

Eraberritzeko premia

Dorleta auzoko etxebizitza guztiak orain dela 41 urte egin zituzten. Oinezkoendako eremu zabala du, eta berdeguneak ere baditu. Auzoa eraiki zutenetik ez dute inoiz halako lanik egin, oraingoa auzo horretan eraberritze lanak egiten dituzten lehenengo aldia da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak