Domekako omenaldian 180 erretiratuk hartuko dute parte

Mirian Biteri 2009ko ira. 24a, 13:44
Herriko erretiratuek egun ederra pasako dute etzi, domeka, urtero moduan, 65 urtetik gorakoei omenaldia egingo zaie-eta egun horretan. Aurten, guztira, 180 eskoriatzar inguruk eman dute izena.

Egitarauari dagokionez, ez dago aparteko berrikuntzarik. Ekimenei 11:00etan emango diete hasiera; ordu horretatik mezaren hasierara arte salda beroa hartzeko aukera izango dute herriko nagusiek kultura etxean. Olazar erretiratuen elkartekoak arduratuko dira salda goxoa prestatzeaz.

Meza eta bazkaria

Jarraian, 12:30ean, meza egongo da San Pedro parrokian. Herriko txistulariek hartuko dute parte horretan. Elizkizuna amaitzean, erretiratuak kiroldegirantz abiatuko dira apurka, bazkaria izango dute-eta zain ordurako. Bazkariaren harira, Gizarte Zerbitzuko langile Agurtzane Altubek nahiago izan du menua zein den ez esatea: "Erretiratuen artean ikusmina egoten da beti plater batetik bestera. Urtetik urtera aldatzen dugu, sorpresa izan dadin". Auzolagun enpresak gertatuko du egun horretako menua.
Bazkalostean, berriz, dantza egiteko aukera izango dute herriko erretiratuek. Aurten, Juan Carlos Zubia arduratuko da kiroldegia alaitzeaz; aspaldiko kantuez gain, gaur egungoak ere joko ditu.

Blanco eta errasti

Dantzaldia irauten duen bitartean, opari banaketa egingo dute. Erretiratu guztiak omentzen badituzte ere, urtero bazkarira joaten diren nagusienei oparia ematen zaie. Iazko berberek jasoko dute aurten: emakumezkoetan, Rosalia Blancok, lore sorta; eta gizonezkoetan, Bernabe Errastik, txapela. Azken horrek 99 urte ditu, eta Blancok, berriz, 101 urte egingo ditu urrian.

Aurten, 37 urte beteko dira herriko erretiratuak omentzen dituztela. Hasieran herritar talde bat antolatzen hasi bazen ere, azken 20 urteotan Udalak du horren ardura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak