Domeinu publikoa erabiltzeagatik telefonia enpresek tasa berria ordaindu beharko dute

Mirian Biteri 2009ko azaroaren 9a

Eskuko telefonoen zerbitzuak ematen dituzten telefonia enpresek tasa berria ordaindu beharko dute laster Eskoriatzan, Udalaren domeinu publikoaren erabilera pribatua eta aprobetxamendu berezia egiteagatik. Udalerrian zerbitzua ematen duten lau operadoreak derrigortuta egongo dira urtero 17.800 euro jartzera.

Joan den eguenean egindako ezohiko osoko bilkura urgentean, esandako zerga arautzeko ordenantzaren hasierako onarpena eman zion aho batez udalbatzak. Guztira, sei zinegotzik parte hartu zuten bilkura hartan: Udal Gobernuko Pedro Lasagabasterrek eta Dorleta Lezetak, Alkarbideko Karmelo Lezetak, EAJko Aitor Urrutiak, PSEko Iñaki Pierruguesek eta EB-Berdeak taldeko Juan Luis Merinok.

Proposamena azken talde horrek aurkeztu du. Eskoriatzako Udalean alderdi horrek duen zinegotzi Juan Luis Merinok azaldu digu ordenantza berria indarrean jartzen denean, udalerrian zerbitzua eskaintzen duten telefonia operadoreek 17.800 euro ordaindu beharko dituztela urtero. Eskoriatzan Movistar, Euskaltel Moviles, Vodafone eta Orange enpresa daude. Bakoitzak ordaindu behar duen kopurua neurtzeko Telekomunikazioen merkatuak egindako txostena izan dutela adierazi du. Merinok araudi berria sortzearen beharra ere azpimarratu du: "Telefonia enpresek urte asko eman dituzte herritarretatik probetxua ateratzen; horko zati bat herrira itzul dadin egin dugu ordenantza".

Banketxeei tasa berria

Bestalde, EB-Berdeak taldeak proposatuta, datorren urteko ordenantza fiskalek tasa berria aplikatzea aurreikusten dute. Hain justu ere, domeinu publikoaren erabilera pribatua egiten duten banketxeei eta aurrezki kutxei eta edarien edo jatekoen makina automatikoei urtero 123,6 euro kobratzea. Udalbatzak behin-behineko onarpena eman zien urriaren 28an ordenantza horiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak