Dolores Ibarruriren argazkiak ikusgai gaurtik

Mirian Biteri 2010eko apirilaren 26a

Ibarraundi museoaren aurrealdean jarri duten 'La Pasionaria'-ren argazki handiak, 4,75 metro luze eta 1,80 metro zabal dituenak, jakinarazten du gaur zabalduko dutela Dolores Ibarruri emakume bizkaitarraren gaineko erakusketa.

Ezker Batua-Berdeak taldeak antolatu du Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin, eta langile-borrokaren ikur izan zen emakumearen bizitza eta ibilbidea jasotzen dituen 50 argazkik osatzen dute erakusketa. Inaugurazio ekitaldia gaur izango da (18:30) eta Dolores izeneko filma emango dute, Jose Luis G. Sanchez eta Andres Linaresek zuzendutakoa. Maiatzaren 9a bitartean egongo da ikusgai.

Langile borrokaren ikur

Erakusketako argazkiak PCE alderdiaren artxibo historikokoak dira, eta Ezker Batuak Gallartan (Bizkaia) jaiotako Dolores Ibarruri omendu gura du; izan ere, 1989ko azaroaren 12an hil zen arren, "haren ahotsak bizirik dirau".

Eskoriatzako Ezker Batuko zinegotzi Juan Luis Merinok adierazi du "La Pasionaria langile-borrokaren eta faxismoaren kontrako borrokaren ikurra" dela, baita "genero berdintasunaren, gizarte-justiziaren eta errepublikaren aldekoa" ere.

Ordutegia

  • Astelehenetik ostiralera: 9:00-13:00 / 18:00 -20:00
  • Larunbat eta igandeetan: 12:30-14:00 / 18:30-20:30

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak