Diputazioak emango ditu egoitzako kosteei aurre egiteko behar diren laguntzak

Mirian Biteri 2010ko ira. 3a, 11:57
Lanean dihardute Eskoriatzan Mesedeetako Amaren egoitzaren harira. Abuztuan Diputazioko ikuskaria izan zen, hilero, kostueei aurre egiteko beharrezkoak diren laguntzak eskatu ahal izateko baldintzak betetzen dituela jakinarazi zuen

Lasagabasterren esanetan, "irailean Diputazioarekin batzartuko gara laguntza horien prezioak eguneratzeko. Kontuan izan behar da laguntza horiek ezinbestekoak direla egoitzaren egungo kosteak estaltzeko. Horrez gain, 2006tik 2009ra bitarteko auditoriak espero ditugu hil honetarako". 

Bestalde, jakina denez, uztaileko azken asteko osoko bilkuran, zaharren egoitzako kudeatzailea kargugabetzeko patronatuak hartutako erabakia babestu zuen udalbatzak. Bildutako 9 zinegotzietatik zazpik bozkatu zuten kargugabetzeko erabakiaren alde, eta H1! eta EAJkoek, berriz, aurka.

Falta larriak

Ekainaren amaieran hartu zuten egoitzako patronatuaren juntan kudeatzailea kargutik kentzeko erabakia, eta horretarako, horrek egindako falta larriak egotzi zituzten. Ekainaren 26an, Udalak argitaratutako ohar batean, azaltzen zen egoitzan erizaintza eta garbitasun zerbitzua eskaintzen duen enpresak maiatzean jakinarazi ziola Udalari egoitzak kopuru handiko zorra zuela horrekiko. 

Eliza eta herritarrekin batera, patronatuko batzordekide diren udal ordezkariek juntara eraman zuten salaketa. Prentsa ohar horren arabera, "zuzendariak aitortu zuen aipatutako zorra egon bazegoela". Horrez gain, beti prentsa oharraren arabera, besteak beste, aitortu zuen egoitzaren eraikina zaharberritzeko zegoen dirua ia gastatuta zuela. 

Ikerketa sakona

Gertakarien larritasuna ezagututa, horren gaineko ikerketa sakona egitea erabaki zen, eta oharraren arabera, 2006tik 2010era ez zela urteko kontabilitatea egin eta juntara aurkezten ziren balantze eta kontuak ez zirela benetakoak ondorioztatu zen. Horrez gain, oharra k dio 2009ko apiriletik 2010eko maiatzera pilatutako zorra, gutxienez, 390.000 eurokoa izan dela.

Erantzun barik

Udalbatzaren erabakiaren harira, EAJ eta H1! alderdietako ordezkariekin harremanetan jartzen saiatu gara. Lehenengoak ez du erantzun, eta bigarrena oporretan harrapatu dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak