Eskoriatzako taldea denboraldi hasieran jarritako helburuak betetzen ari da. Fernando Rasok gidatzen duen taldeak txapelketa erregularra lehenengo lau postuetan amaitzea du helburu, modu horretan beste multzoko lau lehenengo taldeen aurka jokatuko den kanporaketarako txartela eskuratzeko. "Gure esku dagoen helburu bat dela uste dut", adierazi du Raso entrenatzaileak. "Behin kanporaketan, bestelakoak izango dira kontuak guretako. Txapelketa horretan talde oso lehiakorrak egongo dira eta nabarmen zailduko dira gauzak guretako, baina ez dugu ezer oparituko. Guk ere maila ona dugula uste dut eta gure onena emango dugu, ziur!".
Azken partiduan, 58-37
Zapatuan Intxaurtxuetan Donostiako Cafés Aitona taldearen aurka jokatutako norgehiagoka alde nabariarekin irabazi zuten eskoriatzarrek. 21 punturen aldearekin, hain zuzen ere. Partiduak, baina bi zati oso ezberdin izan zituen.
Ondo hasi ziren etxekoak; defentsan zein erasoan lan ona egiten. Markagailuan bere eragina izan zuen horrek. Lehenengo laurdenean zortzi puntuko aldea atera zuten etxekoek (15-7) eta atsedenera 33-13ko emaitzarekin iritsi ziren. "Hirugarren laurdenean trabatu egin gara", onartu du Rasok. "Erasoan jaitsi egin gara eta defentsan ez dugu asmatu. Donostiako taldeak defentsa aldaketa egin du eta ez dugu erantzuna ematen asmatu. Hirugarren laurdena txarra izan bada, laugarrenean penagarri ibili gara. 6-12ko partziala egin digute. Gaizki ibili gara bai erasoan bai defentsan. Batzuetan gertatzen da amaierara alde handiarekin iristen zarenean taldea erlaxatu egiten dela. Akaso, hori gertatu zaigu. Donostiarrek gora egin dute eta guk, berriz, nabarmen behera".
Azken norgehiagokan taldearendako tanto gehien sartu zituzten jokalarien artean bi nabarmendu behar ditugu; Exposito eta Caneras. Lehenengoak 26 puntu egin zituen eta bigarrengoak, berriz, 11.
Aurrera begira
60 bat jarraitzaileren aurrean jokatu zuten zapatuko norgehiagoka Eskoriatzako neskek. Txapelketa erregularreko hiru norgehiagoka jokatu dituzte eta horietatik bi irabazi.
"Ondo ari gara ", adierazi du Raso entrenatzaileak. "Hori bai, azken bolada honetan gorabehera handiak ditugu. Arazoak ditugu baja ugari ditugu-eta taldean eta agian ez dugu behar beste entrenatzen. Jokalari batzuk lesionatuta daude, beste batzuk azterketa garaian daude... entrenamendu batzuetan gutxi elkartzen gara eta horrela ezin da %100a eman. Baina pasatuko da bolada hau ere. Horrela espero dut, behintzat".
Kontuak kontu eta arazoak tarteko, Eskoriatzako taldea denboraldi hasierako helburuak betetzen dihardu. Orokorrean, donostiarrek baino itxura hobea eman zuten zapatuko partiduan eta zer hobetu baduten arren zaleak gustura gelditu ziren norgehiagokaren amaieran. Oraindik partidu asko gelditzen dira aurretik. Ondo hasitako bideari jarraipena emango ote diote?