Defentsa pertsonaleko saioak eskainiko dituzte lehen aldiz

Mirian Biteri 2008ko ira. 11a, 18:58

Aurtengo ikasturteari begira antolatu diren kirol jardueretan izena emateko epea astelehenean, irailak 15, zabalduko dela eta eskolak urriaren 1ean hasiko direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Berrikuntzen artean, nabarmen daiteke eskoriatzarrek astean hirutan izango dutela spinninga praktikatzeko aukera, goizetan. Orain arte astean bitan egin izan da, eta aurten, hori aldatzea erabaki dute, herritarren eskaera bati erantzunez. Horrez gain, esan bezala, defentsa pertsonaleko eskolak eskainiko dira aurten, lehen aldiz. Gero eta ohikoagoa den pilates ematea ere aztertzen dihardutela diote Goiena Sporteko kirol zerbitzukoek.

Jarduera motak

Jardueren ordutegiari dagokionez, goizetan, hasieran, spinninga eta tonifikazioa praktikatu ahal izango da; eta eguerdietan, spinning beste saio bat emango dute, taldea osatzen baldin bada. Arratsaldeetan, berriz, besteak beste, hirugarren adineko gimnasia, gutxituendako gimnasia, sasoian egoteko gimnasia, spinninga, batuka edo tonifikazioa aukeratu ahal izango dira. Azken horren harira, Goiena Sportek gogora ekarri du iaz ere eskaini zela tonifikazioa eta ez zela talderik eratu. "Jendeak ez du ezagutzen, baina oso jarduera polita da. Beste toki batzuetan, Aretxabaletan bertan, itxaron zerrenda dago hori praktikatu ahal izateko", azaldu dute kirol zerbitzukoek.

Horretaz gain, urtero bezala, igeriketa ere egongo da. Hasiera eta hobekuntza eskolak eskainiko dira, haurrendako eta helduendako. Jarduera guztiak kiroldegian egingo dira, defentsa pertsonala izan ezik.

Eskaera orria

Kirol eskaintzaren gaineko informazio gehiago gura duenak kiroldegian edo www.goienasport.com Interneteko helbidean topatuko du. Kirol jardueretan izena emateko bete behar den eskaera orria kiroldegian utzi beharko da. Esan bezala, irailaren 15ean hasita aurkez daitezke eskaera orri horiek. 

Bestalde, Goiena Sportek aurreratu du urriaren erdialderako ekintza berezia antolatu gura dutela. Eskoriatzarrak kiroldegira gertura daitezen egin gura dute esandako kirol ekintza berezia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak