Debagoieneko Industrialdearen esku gera daiteke Torrebaso udazkenean

Mirian Biteri 2009ko uzt. 12a, 22:06
Eskoriatzako Udala hilabeteak daramatza Eskoriatzako Industrialdearendako irtenbidea bilatzen. Asmoa da Torrebaso Debagoieneko Industrialdean sartzea. Horrela, horko parte izateaz gain, banketxeekin dituen zorrak kenduko lituzke.

Bestalde, Joan den eguenean Eskoriatzako Industrialdearen batzar orokorra eta ez ohiko osoko bilkura urgentea egin zuten. Batetik, 2008. urteko kontuen berri jaso eta onartu zituen udalbatzak. Bestetik, abuztuan ordaindu beharreko kredituari oniritzia eman zion.

Kontuei dagokionez, gastuak eta diru-sarrerak kontuan izanda, Eskoriatzako Industrialdeak, joan den urtean, 61.616,23 euroko emaitza negatiboa izan zuela jakinarazi zuen administrariak. Horrekin batera, jakinarazi zuen, 2008ko abenduan, bankuarekin zuen mailegua 1.817.641 eurokoa zela. Horren harira, administrariak zehaztu zuen, epe luzeari begira, 1.415.504,19 euro zor dizkiola Industrialdeak; eta aurten, guztira, 402.137 euro ordaindu behar direla. Udalarekin daukan zorra, berriz, 1.365.020 eurokoa dela aipatu zuen. Administrariak gaineratu zuen oraindik saldu barik dauden lokalek eta lursailek 2.981.455 euro balio dutela.

Egoerarekin arduratuta

Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabaster Industrialdearen egoerarekin arduratuta azaldu zen. Gogorarazi zuen 2008ko udaberrian, Udala horren gaineko publizitatea egiten hasi zenean, lokaletan interesa dutenen deiak jasotzen zituztela egunero.

Udako oporren ostean, baina, krisi ekonomikoa iritsi zen gurera eta horrek dena aldatu zuen. Oso jende gutxik galdetzen du gaur egun lokal horien gainean. Esandako lokalak ez dira saltzen eta horrek Udalaren egoera ekonomikoa nabarmen konplikatzen ari da, bankuari hiru hilez behin kredituak berdin ordaindu behar dizkio-eta.

Esan bezala, Eskoriatzako Industrialdea Debagoieneko Industrialdean sartzea gura du Udalak. Debagoieneko Industrialdearen jabetza hiru zatitan dago banatuta orain: Eusko Jaurlaritzako Sprilur enpresak, %51 du; eta Gipuzkoako Diputazioak eta Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako Udalek, gainontzekoa. Udazkenean horri Eskoriatzako Udala gehitzea espero du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak