Debagoieneko Industrialdean milioi erditik gora jarriko du Udalak

Mirian Biteri 2009ko azaroaren 26a

Atzo iluntzean udaletxean egindako ohiko osoko bilkuran, udalbatzak beste pauso bat eman zuen Debagoieneko Industrialdea SAren parte izateko. Urriaren 1ean esandako industrialdeak kapital-gehikuntza martxan jartzea erabaki zuen eta eguaztenean, Udalak merkatura ateratako akzioen %24,5 erostea adostu zuen aho batez. Hori horrela izan dadin, 549.217 euro jartzeko konpromisoa hartu zuten udalbatzako ordezkariek, 62.058 akzio erosteko.

Eskoriatzako Industrialdearen ondasunak Debagoieneko Industrialdeari saltzeko eta Eskoriatzako Udala azken industrialde horretan sartzeko prozesuaren gaineko hurrengo urratsa abenduaren 15ean da; Eskoriatzako ondasunen salerosketaren bigarren zatia ordaintzea aurreikusi dute. Debagoieneko Industrialdeak 1.295.054 euro ordainduko dizkio Eskoriatzakoari.

Urriaren 29an, bi industrialdeetako aldeek kontratua sinatu zuten, salerosketaren lehenengo zatiaren gainekoa. Hain justu, 812.000 euro jaso zituen Eskoriatzakoak.

Hileta zibilen ordenantza

Eguazteneko osoko bilkuran beste hainbat gai landu zituzten; tartean, udalerrian hileta edo omenaldi zibilak egiteko udal ordenantzari EAJ taldeak egindako iradokizunak aho batez onartu zituzten, eta, hortaz, behin betiko onartu zuten araudi berria.

Nekazariei elkartasuna

Horrez gain, EHNE sindikatuak nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreari elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzak. Esandako bi sektoreak jendartearen beharretarako eta landa garapenerako estrategikoak eta funtsezkoak direla gogorarazi zuen.

Preserbatiboa, tresnarik eraginkorrena

Bestalde, Benedikto XVI.ak preserbatiboaren kontra egindako adierazpenen harira, Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) aurkeztutako mozioaren alde ere bozkatu zuen. Horren harira, azpimarratu zuen gizonezkoendako latexeko preserbatiboa dela GIBaren eta sexu bidezko infekzioen aurkako biderik eraginkorrena.

Gainera, Pedro Lasagabaster alkateak Charles Darwinen Espezien jatorria liburuaren 150. urteurrena gogorarazi zuen; era berean, asteon izandako atxiloketak ere gogor salatu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak