Datorren urtean Santa Ana antzokia egokitzeko lanekin hasi nahi dute

Mirian Biteri 2009ko abe. 21a, 11:41
Datorren urtean zine zaharrean Santa Ana antzokia egiten hasteko asmoa du Eskoriatzako Udalak. Erabilera anitzeko aretoa bi fasetan egitea aurreikusita du. Lehenengoan, lokala egonkortuko lukete; hain justu ere, teilatua eta egitura berritzea; eta bigarren batean, gainerakoa.

Iragarpen hori Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek egin zuen joan den eguenean, Goiena magazinea-n. Jakinarazi zuenez, lehenengo fasea Espainiako Estatuaren Tokian Tokiko Inbertsioen Fondoaren bidez lortutako diruarekin egingo da; eta bigarrena, Foru Aldundiaren laguntzekin gauzatzea da asmoa. Alkateak areto horren garrantzia azpimarratu zuen: "Eskoriatzak tamaina horretako aretoa behar duela uste dugu, unibertsitatea hor daukagulako. Teknikoek eta planoek esaten digute gutxienez 150 eserleku sartzen direla han".

Argiteria publikoa

Eskoriatzako Udalak 440.000 euro inguru jasoko ditu E-Planaren bidez. Santa Ana egokitzen hasteaz gain, diru horrekin argiteri publikoa hobetzea nahi du Udalak. Horren harira, Lasagabasterrek azaldu zuen dagoeneko horren gaineko azterketa egitea eman diola enpresa bati eta datorren hilerako horren emaitzak jasotzea espero duela.  

Iraunkortasuna

Bestalde, jakinarazi zuen iraunkortasunaren bidean "pauso trinkoak" ematea nahi dutela eta horretarako, eredua "zeharo" aldatu beharra dagoela. Gogorarazi zuen dagoeneko ingurumenarekin lotuta hainbat neurri hartu dituztela horren harira; hala nola, uraren ordenantzaren eraketa edo, kultura etxean, biomasa galdara jartzea.

Gaineratu zuen datorren urteko aurrekontuak ere ildo horretatik joango direla. Aipatu zuen Eskoriatzako Industrialdearen salmenta dela-eta, kontuak "beste lasaitasun batekin" egingo dituztela. Azken horren harira, gaineratu zuen azkenean asteon egingo dutela Industrialdearen salerosketaren bigarren zatia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak