Datorren urtean erabiliko den orri-puntuaren gaineko lehiaketa deitu dute

Mirian Biteri 2009ko aza. 5a, 13:00
Udalak datorren urtean Udal Liburutegian erabiliko den orri-puntua aukeratzeko lehiaketa deitu du egunotan. Lanak liburutegira eraman beharko dira abenduaren 14a baino lehen. Lehiaketa irabazten duenak 250 euroko saria jasoko du.

Udalak jakinarazi duenez, lehiaketa horretan edozeinek har dezake parte, inolako mugarik gabe; eta norberaren esku utzi dute teknika eta gaiaren aukeraketa. Aurkeztutako lanek, dena den, neurri zehatza izan beharko dutela azaldu dute: 21x5,5 zentimetrokoa, hain zuzen ere.

Orri-puntuak egilearen izenik gabe aurkeztuko dira, atzeko aldean leloa dutela. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean lelo bera eta egilearen datuak jakinaraziko dira.
Esan bezala, abenduaren 14an itxiko da orri-puntuak jasotzeko epea. Jarraian, saria zeini eman erabakiko du epaimahaiak. Azken hori zeintzuek osatzen duten jakinaraziko da lan saritua ezagutarazten den egun berean.

Urtarrilak 25: lanak jaso

Saritzen den orri-puntua Udalaren esku geratuko da eta hark izango du hura argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak 30 eguneko epean jaso ahal izango dira, datorren urteko urtarrilaren 25etik kontatzen hasita. Esandako epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, jasotzeko asmorik ez dutela edo behar ez dituztela ulertuko da eta Udalak horiekin zer egin erabakitzeko ahalmena izango du. Kasu horietan ez da erreklamazio edo kalte-ordain eskubiderik onartuko.

Egoki ikusten bada, gainera, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egiteko gaitasuna ere izango du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak