Diputazioa joan zen urteko maiatzean hasi zen tarte hori bizikleta eta oinezkoendako egokitzen. Hasiera baten lanak zortzi hilabetez luzatuko zirela aurreikusi bazuten ere, epe hori nabarmen atzeratu da. Martikorenak azaldu du atzerapen horren atzean, besteak beste, hainbat tokitan bidegorria egin ahal izateko aurretik GI-627 errepidea eutsi behar izatea dagoela.
Aingeru Guarda ermita eta Sorautz etxea lotzen dituen bidegorri zatiak 947 metroko luzera eta hiruko zabalera du. GI-627 errepide ondotik doa Dorleta auzoraino. Hango aparkalekua igaro eta beherantz doa San Juan kalerantz; hori tunel baten bidez igaro eta handik Sorautzeraino doa. Tartea egitea 1.742.510 euro balio izan du.
Hilerri azpiko zatia
Zati hori amaitzean, Eskoriatza-Hilerria bezala ezagutzen dena faltako da egiteko. Horrekin ere lanean dihardute. Zatia egiteko lanak Construcciones Mariezcurrena enpresari esleitu dizkiotela argitaratu da asteon Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Martikorenak aipatu du makinak laster sartuko direla esandako tartean.
Eskoriatzako iparra eta hegoa lotuko ditu horrek. Proiektu hori nahiko konplexua da, trazatu barruan dagoen tunelaren iparraldeko ahoa estalgabetu barik dagoelako eta tunelaren zati bat GI-627 errepidearen lubeta baten azpian dagoelako. Tarte horretako aurrekontua 797.572,04 eurokoa izango da.
Azkenik, Bidegorrietako arduradunak onartu du Arabako mugaraino doan bidegorria itxaron beharko duela, aurtengo aurrekontuak ez duelako ematen zati hori egiteko.