Aritz Sound Systemek horretan landuko dutena azaldu digu: "Bi zatitan egongo da banatuta. Lehenengoan, alde teorikoa landuko dugu. Rap eta scratch estiloaren ibilbidea errepasatuko dugu eta musika jartzeko dauden teknikak jakinaraziko dizkiegu gazteei. Ordu erdi iraungo du gehienez. Bigarren zatian, platerekin ibiltzeko aukera izango dute; esaterako, kantuaren zati bat behin eta berriro errepikatu, diskoaren abiadura aldatu sonoritate bat edo bestea lortzeko, eta abestiren bat zuzenean sortu ahal izango dute".
Musikan ibilbide luzea dute biek. Daddy Jeff Selektah Kolektibo taldeko abeslaria izateaz gain, Euskal Herrian dagoen hip-hop abeslari, disko jartzaile eta produktore euskalduna ere bada.
Ixah elkartea
Aritz Sound Sistem (Aritz Usandizaga) ere musika zale "amorratua" da. Urteetan Ixah musikaren sustatzailea izan da; Euskal Herrian "ezezagunak" diren musikak ezagutarazi eta zabaltzeko helburua duen elkartea da Ixah. Musika elektronikoa eta beltza (reggae, rap, soul, funk edo afro-basildar doinuak) bultzatzeko helburuarekin eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu: Selektah Kolektiboko sortzaile eta partaidea, irrati esataria, musika aldizkarietan kolaboratzailea edo jaialdien antolatzailea da. Horretaz gain, Bob Marley mitikoaren gaineko Maitasuna, Begirunea eta Askatasuna liburuaren egilea ere bada.
Eski irteeran, 24ra arte
Biharkoaz gain, bestelako ekimenak ere antolatuko dituzte datozen asteotan gaztelekuan. Urtarrilaren 30ean, esaterako, gazteak Errioxan dagoen Valdezcaray estaziora joango dira eskiatzera. Txatxilipurditik gogorarazi dute 12-17 urte bitarteko gazteek etzira, domeka, arte izango dutela izena emateko aukera, gaztelekuan edo gazte bulegoan. Plaza mugatua dela gaineratu dute, autobusa araberakoa.